EAJk eta PSE-EEk banku eta supermerkatu handien zergak familiei "helaraziko" dizkiela salatu du Herriaren Eskubideak

Anboto 2024ko urr. 30a, 10:33

Durangon 2025erako ordenantza fiskalak eztabaidatuko dituzte gaur, arratsalderako deitutako udalbatzarrean. Talde independienteak ohar batean salatu duenez, "bankuei, merkataritza gune handiei eta batzokiari ondare higiezinen zerga (OHZ) %85 murriztuko zaie, eta horrek 150.00 euroko zuloa eragingo du udalaren diru-kutxetan".

Durangoko gobernu taldeak datorren urterako ordenantza fiskalak aurkeztuko ditu gaur, udalbatzarrak onartu ditzan. Herriaren Eskubideak salatu du EAJk eta PSE-EEK banku eta supermerkatu handien zergak familiei "helaraztea" ekarriko dutela, eta zaborren tasa %30 igotzea ere bai.

Talde independienteak ohar batean salatu duenez, "bankuei, merkataritza gune handiei eta batzokiari ondare higiezinen zerga (OHZ) %85 murriztuko zaie, eta horrek 150.00 euroko zuloa eragingo du udalaren diru-kutxetan". Murrizketa horrek durangarrengan eragingo duela azaldu dute. "Diru-bilketaren murrizketa esanguratsu hori konpentsatzeko, EAJk eta PSOEk familien poltsikoari zuzenean eragingo dion irtenbide bat aukeratu dute: % 13ko igoera etxebizitza partikularren Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ). Igoera horrek erakunde handien beherapenak eragindako diru-sarreren galera konpentsatzeaz gain, bilketa 200.000 euro handituko du".

Bestalde, gobernu taldearen proposamenak zaborraren tasa %30 igotzea batzen duela adierazi du Herriaren Eskubideak. "Horrek 521.000 euroko bilketa gehigarria ekarriko dio udalari. Guztiontzako kafea da, justifikaziorik ez duena", diotenez.

Herriaren Eskubideak nabarmendu duenez, "bankuek, supermerkatu handiek eta batzokiak zergetan 150.000 euro ordaintzeari utziko diote, eta udalak 721.000 euro gehiago bilduko ditu zuzenean udalerriko bizilagunen poltsikotik, OHZ eta zaborren tasa igota". Bestalde, gaineratu dute Durangoko Udalak 831.000 euro gehiago jasoko dituela Udalkutxatik. Horren aurrean, proposatutako zerga igoera "are eta justifikaezinagoa" da. "Irailean, EAJk, PSOEk eta PPk soldata politikoen igoera onartu zuten. Hilabete honetan dirua falta dela esan digute eta zergen igoera onartu nahi dute", diote.

EAJK eta PSE-EEk indarkeria matxistaren biktimei, desgaitasuna duten pertsonei eta familia ahulenei laguntzeko neurriak "baztertu" direla ere salatu du Herriaren Eskubideak. Eta, kritikatu du TAO txartelaren prezioa 10 eurora ez jaistea, " nahiz eta zerbitzuak superabit handia eman".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!