"Bizi erritmoek ez dute askorik laguntzen sortzeko"

Aritz Maldonado 2024ko aza. 3a, 10:30

Leire Vargas idazleak (Durango, 2002) bere bigarren poesia liburua aurkeztu du oraintsu: Bihotz-museo bat. Elkar argitaletxeagaz kaleratu du.

Ofizialki Donostian aurkeztu ondoren, Durangon lagun artean aurkeztu zenuen gero. Zergaitik?
Oso gustura geratu nintzen, bihotza beteta. Alde batetik, lagunekin edo kolektiboan aurkeztu nuelako, eta, bestetik, sorkuntzarako toki bihurtu genuelako ekitaldia, liburu baten aurkezpen soila izan barik. Gainera, liburuaren gaineko irakurketa bat inposatzeak kontraesanak sortzen dizkit. Liburutik abiatuta gauza gehiago sortzea formatu ederra eta gozagarria iruditu zitzaidan, eta niretzat zoragarria.

Poesiak jokorako aukera ematen du.
Liburua nondik idatzi dudan azaltzen dudanean, ez nabil zelan irakurri behar den inor behartu guran. Asmo bat izan arren, testuak ematen duena beste modu batera jasotzea guztiz zilegia da. Eta horixe iruditzen zait interesgarriena. Horixe da poesiak duen gauzarik ederrenetariko bat, jokoa ematen duela interpretaziorako. Nik neuk asko gozatzen dut poesia irakurri eta non lurreratu daitekeen pentsatzen. Hori azaltzea garrantzitsua iruditzen zait: liburua nondik idatzi dudan azaldu dezakedan arren, abiapuntu bat baino ez da, liburua beste kontu bat da, eta irakurleak jasotzen duena beste bat izatea gustatuko litzaidake. Jendearen aldetik ez dut feedback garaturik jaso oraindino, irakurle klubetan jaso dezakedana adibidez, baina goiz da horretarako oraindino. 

Bigarren poesia bilduma duzu hau. Lehenengoagaz baino jende gehiago igarri duzu adi?
Adi edo esperoan, ez dakit, baina esango nuke liburu hau askoz ere jende gehiagori heldu zaiola. Aurrekoagaz, ezagutzen nuen jendearengandik jaso nuen erantzuna, sare sozialei eskerrak, eta saria irabazita publikatu zenez, jende gehiagorengana ere heldu zen, baina ezagunengandik jaso nuen erreakzioa; oraingoan, aurrekoa irakurri eta hau irakurtzeko gogoz zebilen jendearen erantzuna ere jaso dut. Nahiko surrealista iruditu zait alde horretatik (barrez).

Eta horrek eragin dizu idazterakoan?
Hasiera-hasieran, bestea argitaratu eta hau idazteko noranzkoa erabaki aurretik, bai, beharbada bai. Erantzun egin gura nion zeozelan hartu nuen maila minimo horretako publikotasunari. Horri erantzun behar niola sentitu nuen, baina uste dut nahiko segituan utzi nuela hori albo batera, eta lan hau ez da inondik inora horren fruitu. Hain zuzen ere, baditut testu batzuk horri erantzunez sortu ditudanak; batez ere, zalantzan ipiniz horrek nigan eragiten duenaz, baina, azkenean, liburu honetan ez ziren oso pertinenteak, eta ez dakit inoiz argitaratuko ditudan, baina ez nuke esango aparteko buruhausterik eragin didanik.

Hasi zinenean bezala idazten duzu?
Egia esan, hori desberdin bizi dut. Batetik, orain enkarguak jasotzen ditut, ipuinetarako, zutabe apur bat literarioagoetarako... Jada ez dut hainbeste denbora sorkuntzari eskaintzeko, bere zentzu zabalenean ulertuta, baina neure burua eraginkorragoa izatera behartzen dut, gura baino gehiago askotan, zentzu produktiboan. Sortzerakoan, niretzat balioa izan dezakeen zerbait izan behar du, besterik barik ludikoa izatetik harago doana. Alde horretatik, egin gura dudan zerbait denez, ondo legoke sorkuntza berriro bizi ahal izatea, baina gure bizi erritmoek ez dute askorik laguntzen horretarako. Bestalde, lan hau aurrekoaren nahiko modu antzerakoan sortu da, nire behar propioei erantzuteko sortua, ez zerbait argitaratu gura nuelako. Kontu batzuk neure barrutik atera gura nituen, eta poesia da nire modua. Edizioari begira, begirada kritiko bat izan dut, eta modu zorrotzean lagundu didaten lagunak izan ditut inguruan. Aurretik argitaratzearen alde on bat da hori.  

Beraz, nondik idatzi dituzu poema hauek?
Besteekin egoteko modu desberdin baten bilaketa da liburua, modurik osasuntsuena hartu-emanentzat, norberarentzat. Hartu-emana nahiko modu normatibo batean bizitzetik abiatzen da, barneratuta du disney maitasun erromatikoaren mito hori, jerarkiekin; hori lortzeko saiakera txarto irteten da, eta, ondorioz, ahots poetiko hori harremantzeko beste modu batzuen bila hasten da, beste horizontaltasun batetik, sare formatu hori bilatuz.

Ingurukoekin egote hori ere erabaki bat da?
Guztiz. Gainera, gaur egun bizi garen moduak indibidualismo eta bizi eredu jakin baterutz bultzatzen gaitu, eta hortik abiatzen da ahots poetikoa. Orduan, sistemak bultzatzen duen hori deseraiki egin behar da, beste era batera harremantzen ikasteko. Eta esango nuke zorte handia izan dudala, dudan inguruagaitik, eta egiteko beste modu batzuk ikasi ditut bertan.

Esango zenuke Durangaldean idazle belaunaldi berri bat burua ateratzen dabilela?
Ez nintzake liburu hau aurkezten egongo lagun sareagaitik ez balitz, eta literaturan eta sorkuntzan oinarrituriko sare horregaitik. Hurbileko lagunetariko asko sorkuntzatik ezagutu ditut, bai bertsoetatik bai Sorginolan sorturiko Ateneo literatur taldetik; beraz, eskutik doaz gauza biak. Interesgarria da zelan lotzen den harremantzeko moduaren zalantza ipintzea eta sorkuntzarekiko joera. Sorkuntza erdigunean duten inguruak dira, askotan, zalantzan ipintzen dutenak zertan gabiltzan, edo egoteko modu sortzaileagoen bila dabiltzanak. Taldean ibiltzeak beste babes bat ematen dizu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!