Zelan eragiten dute horrelako egunek dolu prozesuetan?
Prozesuaren zein momentutan zauden araberakoa izaten da hau. Egun bereziak izaten dira; adibidez, gabonak ere izaten diren moduan. Euskal Herrian gabonek ezaugarri berezi batzuk dituzte, aulki hutsak geratzen dira etxe batzuetan, eta egoera hori zelan kudeatu izaten da kontua. Gabonetan hain argi ikusten den egoera hori Domu Santu egunean oso erraza zen kudeatzeko. Zer egin behar genuen? Loreak erosi, hilarria garbitu, eta egun horretan loreak eraman. Urtero errepikatzen zen erritual bat zen eta erritualek erraztu egiten dituzte prozesu hauek. Baina, gaur egun, erritual hori ez da hain erraza, ohiturak aldatu egin ditugulako. Errautsak baserrian, etxean... dolua bizitzeko modua ere guztiz aldatu da. Orain ez da horrenbeste lore eramaten hilerrira; egongo da etxean kandelatxoak ipintzen dituen jendea, beste batzuk ibilaldi bat egiteko geratzen direnak leku zehatz batera... Batzuetan horrelako erritualek lagundu egiten dute, baina nire ustez argi geratu behar da erritual horiek egitea ondo dagoela, baina egiten ez badira ere ondo dagoela. Ez da derrigorrez egin behar den zeozer. Lehen zerbait soziala zen, horrela izan behar zuen, eta gaur egun jada ez da hain zurruna. Asko aldatu da. Hortaz, batzuei lagundu egiten die egun berezi bat edukitzeak, gauza konkretu bat egiteko; beste batzuek, ostera, gurago dute beste modu batean egin, gurago dute urtebetetze edo urteurrenen batean gogoratzea.
Erritual bat edukitzeak, baina, lagundu egiten du?
Bai, agurtze prozesuetan erritual bat edukitzeak lagundu egiten du. Baliteke orain erritualak berdinak ez izatea. Elizkizuna da errazena, ez dugulako ezer pentsatu behar: sekulako mina dugu eta ez dugu ezer pentsatu behar, dena antolatua dagoelako. Bestela, guk hasi behar dugu dena antolatzen, eta baliteke horretarako indarrik ez izatea. Baina, bai, erritualak beharrezkoak dira, eta garrantzitsuak agur esateko prozesuetan.
Heriotza tabua izan da urte askoan. Horrela izaten jarraitzen du?
Badoa aldatzen. Heriotza urte askoan izan da tabua, eta baita heriotza zelakoa izan den ere; adibidez, suizidio bat izanez gero, tabua goitik beherakoa zen. Apurka-apurka hori aldatzen dabil. Adibidez, suizidioaren kasuan, familientzat mingarria zen tapatu beharra eta gaiari buruz berbarik ez egitea. Oraindino bidea geratzen zaigu egiteko, baina apurka-apurka bagoaz tabu batzuk ezabatzen, eta hori garrantzitsua da. Berba egin behar da, dena delakoari buruz. Zerbaiti buruz berbarik ez egiteak edo estali gura izateak gogortu egiten du egoera. Doluari edo pertsonei buruz berba egitea garrantzitsua eta onuragarria izaten da dolu hori errazago egiteko. Adibide bat jartzearren, semea edo alaba hil zaien guraso batzuekin elkartzean zer esan edo zer egin jakin barik geratzen gara, eta ihes egiten ahalegintzen gara. Ez ez dugulako pertsona horiekin egon gura, egoera hori zelan kudeatu ez dakigulako baino; ondorioz, galera sufritu duen pertsona horrek bazterketa sentitu dezake. Horregaitik ere garrantzitsua da berba egitea, erosoago zelan egon gaitezkeen jakin dezakegulako horrela, bai doluan dauden pertsonak bai ingurukoak.
Beste zerk lagundu dezake?
Prestutasuna erakusteak. Gerta daiteke doluan dauden pertsonak batzuetan berba egiteko prest edo gogotsu egotea, eta beste batzuetan ez. Dolua ez da zeozer jarraia, ez da egoera bat, prozesu bat baino. Doluan dagoen pertsona bat egon daiteke kalean zeozer hartzen, irribarretsu, eta hamar minutura negarrez, zeozerk zeharkatu edo ikutu duelako. Doluak fase batzuk ditu, prozesu bat den neurrian, eta batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago egon zaitezke. Lasai hartu behar da, eta pertsona horren alboan egon behar da. Garrantzitsua izan daiteke, baita ere, pertsona horri deitzea. Askotan errepikatzen den egoera izan daiteke, 'gura duzunean deitu' esatea. Disponibilitatea erakustea garrantzitsua da, eta baita hori keinuekin laguntzea ere: 'prest nago entzuteko' esanda, adibidez.