Eskubaloiak ez du tradizio luzerik eskualdean, baina apurka bere tokia egiten ari da, hein handian Ibaizabal Kirol Elkartetik 20 urte baino gehiagoan egindako lanari esker. Beste kirol batzuen oihartzunik gabe eta baliabide gutxiagorekin, bere barnean ehun bat jokalari hartzen dituen egitura sendoa eraikitzea lortu dute eta etorkizunera begira hazten jarraitzea dute helburu.
Joan zen barikuan klubeko taldeak aurkeztu zituzten, Landako kiroldegian egindako aurkezpenean. Aurtengo zazpi taldeetako jokalariak banan-banan kantxaratu ziren, aurkezleak mikrofonotik euren izena esan orduko. Jokalariengan ilusioa nabari zen eta baita harmailetatik ekimena jarraitzen ari ziren zuzendaritza eraberrituko kideetan ere.
Pozik egoteko motiboak badituzte. Ibaizabaleko zazpi taldeen artean ia ehun jokalari dituzte. Hiru talde umeenak dira eta Kurutziaga ikastola, Landako eskola eta Jesuitak ikastetxearekin elkarlanean atera dituzte. Aurrera begira, San Antonio ikastetxearekin ere hartuemanetan dabiltzala azaldu zuten zuzendaritzako kideek. Benjamin mailako taldea nahiz kimu mailako biak mistoak dira.
Gainerako mailetan neskak dira nagusi, kadete, gazte eta seniorretako talde banarekin. Nesketan haur-kategoriako taldea bakarrik falta zaie maila denetan taldeak izateko. Hutsune horren sorburua 2020ko pandemia da. Orduan, murrizketen ondorioz, ez zen talderik sortu. Beraz, haur-kategoriako gaztetxoak kadeteekin dabiltza.
Mutiletan talde bakarra dute oraingoz, kadete mailakoa. Umeak hazten doazen heinean, mutiletan ere talde berriak sortzea dute helburu.
Txinparta, Juanjo Morenorena
Juanjo Moreno izen-abizenak irakurtzen dituenari saskibaloia etorriko zaio burura automatikoki. Durangoko saskibaloia ez zen gaur dena izango bera barik. Baina beharbada batzuek ez dute jakingo Ibaizabal eskubaloi klubaren sorreran izan zuen eragina. Txinparta pizten lagundu zuen. XXI. mende hasieran emakume asko zebiltzan saskibaloian Jesuitak ikastetxean eta ez zuten denentzako tokirik. Baina ez zuen umerik kirola egiteko alternatiba barik utzi gura. Orduan, Bego Oskoz Etxeberriari (Durango, 1970) deitu zion eta bien artean benjaminen eskubaloi taldea sortu zuten Jesuitak Ikastetxean. 2003. urtera zen eta orduan ereindako hazi horretatik ernatu zen Ibaizabal.
Morenok bazekien nori deitu. Bego Oskozen eskubaloi ibilbidea ez da edozelakoa. Jokalari moduan Lehenengo Mailan jokatutakoa da Basauri taldeagaz. Urte batzuk geroago, talde hori bera entrenatu zuen Lehenengo Mailan. Euskadiko selekzioagaz ere lan egindakoa da haur-kategoriako eta gazte mailako jokalariekin.
Atzera begira jarrita, hamarkada bitan egindako bideagaz "harro" dago Oskoz. "Poza ematen dit gaur egun nora heldu garen ikusteak. Ez da erraza jendea eskubaloira erakartzea, baina apurka aurrerapausoak ematen ari gara", dio.