Maria Moliner sari berezia lortu du Durangoko Bizenta Mogel liburutegiak

Anboto 2024ko urr. 28a, 13:37

'Bizenta Mogel Biblioteka Bidaiak: jakintza eta esperientzia mordo baterako sarrera' proiektuagatik saritu dute biblioteka.

Durangoko Bizenta Mogel bibliotekak sustatuko Bizenta Mogel Biblioteka Bidaiak: jakintza eta esperientzia mordo baterako sarrera izeneko proiektua saritu dute. Bibliotekak "kultura- eta hezkuntza-zentro gisa duen eginkizuna berrasmatzeko egiten duen ahalegina eta sormena" aitortu diote irakurzaletasuna sustatzeko kanpainaren barruan emandako Maria Moliner sari berezia ematerakoan, "erabiltzaileei ikaskuntzarekiko ikuspegi original eta inguratzailea eskainiz", gaineratu dutenez. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak bultzatutako kanpainaren barruan, 10.000 euroko saria lortu dute.

Bizenta Mogel Biblioteka Bidaiak: jakintza eta esperientzia mordo baterako sarrera proiektuaren baita, bibliotekak irakurketa-klub espezializatuak antolatzen ditu, "parte-hartzaileek mundu literario eta akademikoetan murgiltzeko aukera izan dezaten. Tailerrak eta hitzaldiak ere eskaintzen ditu historian, zientzian eta beste diziplina askotan adituak direnekin", azaldu dutenez. "Ikuspegi dinamiko eta interaktibo horri esker, Bizenta Mogel Liburutegia kultura eta hezkuntza erreferente bihurtu da herrian, erabiltzaileen beharretara egokituz eta ezagutza guztiei hurbilduz", nabarmendu dutenez.

Lorpena posible egin duten erabiltzaile, boluntario eta kolaboratzaile guztien lana eskertu dute bibliotekako arduradunek. "Saria zuena da, eta lanean jarraituko dugu zuen eskaerei atsegin emateko. Gure liburutegiaren motorra zarete eta animazio jarduerak antolatzen jarraitzeko ilusioa ", nabarmendu dutenez.

Bizenta Mogel liburutegiak lau aldiz jaso du Maria Moliner saria. Horiei gehitu behar zaie orain lortutako sari berezia, "irakurketa sustatzeko egindako ahaleginaren eta sormenaren aitorpena".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!