Durangoko XXXV. Musika Hamabostaldia aurkeztu dute

Aritz Maldonado 2024ko urr. 25a, 12:34

Durangoko Musika Hamabostaldiaren edizio berria aurkeztu dute, 35. ena. Musika klasikoa herritarrengana hurbiltzeko helburuagaz antolatzen dute zikloa Bartolome Ertzilla Eskolak eta Kontserbatorioak.

Arantza Barrenetxea Bartolome Ertzillako lehendakariak ekitaldiaren erreferentzialtasuna nabarmendu du. "Musikak irisgarria eta hurbilekoa izan behar du, horegaitik, programa anitza eta orekatua diseinatu dugu, klasiko handiak eta eta proposamen berritzaileak uztartuz". Alfredo Sanz irakasleak, ostera, Pantomima Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Durangon bizi den Gorka Ganso aktoreak elkarregaz egingo duten lana nabarmendu du. "Musika klasikora iristea ez da erraza, are gutxiago familia osoarentzako ikuskizunetan; mailako ikuskizuna eskainiko dute azaroaren hiruan; harreman handia dugu EOSekin, eta aurtengoan oboea eta fagota ikusi ahalko dira, ez direla instrumentu ohikoenak". Iker Ruiz de Alegria zuzendariak, bestalde, Spanish Brass eta Del Pino laukotearen emanaldiak nabarmendu ditu. "Spanish brass-ek musika berezia egiten du. Emanaldi honetan, musika eta espioitza zinema lotuko ditu; bestalde, Del Pino laukoteak propomen klasikoagoa ekarriko du", azaldu du.

Hamabostaldia borobiltzeko, kontzertu korala antolatu dute Hamabostaldiak eta Arandoño elkarteak elkarregaz. "Gabriel Fauré musikari frantziarraren heriotzaren 100. urteurrena ospatzeko kontzertu berezia egingo dugu. Durangoko abesbatzek parte hartuko dute", azaldu du Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak.   

Durangoko XXXV. Musika Hamabostaldia

  • Azaroak 3, domeka, Pantomima San Agustin kulturgunean, 18:00etan.
  • Azaroak 16, zapatua, Spanish Brass, San Agustin kulturgunean, 19:00etan
  • Azaroak 23, zapatua, Del Pino laukotea, San Agustin kulturgunean, 19:00etan. 
  • Abenduak 15, domeka, Kontzertu korala eta organoa, Andra mari elizan, 19:00etan. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!