Durangoko Udalak San Fausto jaietako "ukituen gertakaria" sexu erasoa izan dela berretsi eta zuzendu du

Anboto 2024ko urr. 24a, 20:49

Udalak prentsa ohar baten bidez zuzenketa egin du. Jaien balantzeko prentsaurrekoan "ukituen gertakaritzat" izendatu zuena sexu erasoa dela zuzendu du Herriaren Eskubideak gaia mahaigaineratu ostean. Udalak argudiatu duenez, bi pertsonak adingabeak zirenez "diskrezioz jokatzea" gura izan dute.

Udal Gobernuak San Fausto jaien balantzeari buruzko urriaren 23ko prentsaurrekoan emandako informazioa zuzendu du. Bertan, gertaera "ukituen gertakaritzat" jo zuten, eta ez zuten sexu eraso moduan izendatu. "Bi pertsonak adingabeak zirenez, egoerari diskrezioz heltzen saiatu zen udala", prentsa oharrean argitu dutenez. Udal Gobernuak aitortu du hori ez zela izan "kudeatzeko modurik egokiena". Herriaren Eskubidea alderdiak oharra kaleratu du gaur, gertaera honen inguruan udal gobernuak izandako jokabidea salatzeko.

Udal Gobernuak Indarkeria Matxistaren Unitateko baliabide guztiak jarri ditu biktimaren eskura, arreta eta errekuperazioa bermatzeko. Sexu-askatasunaren aurkako delitu larri horren aurrean, udalak berretsi egin du edozein eraso matxista irmo gaitzesten duela, eta "oinarrizko eskubideen edozein urraketaren aurrean irmo jokatzearen garrantzia" azpimarratu du.

Udalak berretsi egiten du indarkeria matxista mota oro gaitzesten duela, eta dei egiten die herritarrei, bereziki emakumeei, horrelako ekintzak salatu ditzaten. Genero indarkeriaren aurkako borroka gizarte osoaren erantzukizuna dela gogorarazi dute, eta udalak lanean jarraituko duela jokabide horiek desagerrarazteko eta biktimak babesteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!