Gainera, Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileek zuzenduriko lanaren aurrestreinaldia etxean egingo du, Durangoko Zugazan; urriaren 30ean izango da, 19:00etan. "Niretzat horixe da pelikula baten momenturik politena. Topiko bat da, baina asko gustatzen zait, une horretan ikusleak bere egiten duelako pelikula", adierazi du Sagardoyk.
Zelako urte amaiera izaten ari da?
Ez da ohikoa hiru film luze estreinatzea urte berean. Ekoiztetxeen tamainaren araberakoa da hau, eta, gure kasuan -Irusoin ekoiztetxea- urtean estreinaldi bi izan ditugu asko jota. Aurtengoa salbuespena da, Nina, Azken erromantikoak eta Marco estreinatzeaz gainera, Cristobal Balenciaga ere estreinatu dugulako aurten. Ezohikoagoa da oraindino zinema jaialdi berean hiru pelikulagaz egotea, niri egokitu zaidan moduan. Marco Anoetako belodromoan estreinatu genuen, Perlak sailean, 1.500 lagunen aurrean; lehenago Veneciako Mostran estreinatu genuen, eta beraz, ezin genuen sail ofizialean eman. Azken erromantikoak filmeagaz New directors sailean egon ginen. Nina Made in Spain sailean egon zen, urtean zehar estreinatutako nabarmenen artean.
Pelikula bakarragaz bada ere, Donostian egotea ona da; urte amaieran lana pilatuko zaizula adierazten du, baina seinale ona da. Nahiko Zinemaldi potentea izan dut, egia esanda.
Ander Sagardoy eta Ander Barinagarrementeria ekoizleak Donostiako Zinemaldian.
Alfonbra gorriko argazkiek baino lan gehiago dute zinema jaialdiek.
Bai, alfonbra gorrikoa anekdotikoa da ia. Bertako argazkiak mundu osoan ikusten dira, baina, ekoizle modura, horrelako jaialdiek lan handia eskatzen dute. Oraindino gehiago Donostiaren kasuan, jaialdi egonkortua izatera bertan batzen delako industriako zati handi bat, estatukoa zein nazioartekoa. Martxan ditugun proiektuak gaurkotzeko baliagarria da, bazkideekin berba egiteko, proiektu berriak merkatuko agente berriei erakusteko... Industria osoa Donostian batzen da egun horietan, eta lanik handiena agenda koadratzeak ematen du. Prentsagaz ere lan asko egiten da. Jaiak ere egoten dira, galak ere antolatzen direlako. Egunean 24 orduz jaialdiko dinamikan zaude. Une kritikoak ere badaude, prentsa paseak izan eta gero kazetariek enbargua altxatzen dutelako. Lagunek bisitan etortzeko baliatu gura dituzte egun hauek, baina oso egun kolplikatuak dira niretzat (barrez).
Azaroaren 8an eta 15ean estreinatuko dituzue 'Marco' eta 'Azken erromantikoak' areto komertzialetan. Horrek ere lana emango dizu.
Gaur egun, pelikulek bigarren edo hirugaren bizitza bat izan dezakete plataformekin, baina niri zinema aretoetako estreinaldiak pizten dit ilusiorik gehien. Berezia da. Festibaletan ikusle mota bat dago, eta zinema aretoetan beste bat, betiko ikusleak dira. Azaro gogorra dator, baina urria ere horrelakoa izaten ari da. Estreinaldia baino hilabete lehenago lan handia izaten dut, aurrestreinaldi, elkarrizketa, publizitate kanpaina, iragarki eta abarrekin. Baina garai polita da, baliagarria delako pelikula normalizatzeko; pelikulan aurretik egindako lan guztiak zentzua hartzen du estreinatu eta gero. Filma estreinatu osteko aste bietan pilatu egiten zait lana, aste garrantzitsuak direlako. Izan ere, zinema aretoetan irauteko, lehenengo asteburuko salmentak garrantzi handia du. Zinema aretoen egoera hobetzen dabil azken urteetan egiten dabiltzan programa eta egitasmoengaitik, eta pelikula bat ezin da epaitu zinema aretoetan egiten duen ibilbidearen arabera, baina horixe da errealitatea. Bestela, geure burua jipoitzen ibiliko ginateke astero. Esan dudan moduan, plataformek bigarren bizi zabal bat ematen diete pelikulei, eta kontsumo ohiturak ere horietxek dira. Gu zinema aretoak lehenesten ahalegintzen gara, industria denon artean osatzen baitugu, baina kontsumo ohiturak horietxek dira.
Durangoko aurrestreinaldiak ilusio berezia egiten dit, Zugazan aurkeztuko dudan lehenengo lan luzea izango delako. Berezia izango da, gainera, pelikula berezia delako. Veneziatik eta Donostiatik heltzen den pelikula bat da, Moriarti ekoiztetxeko lagunek zuzendu dutena. Eta hori itzela da. Gainera, zuzendarien buruan hogei urtez egon den ideia bat izan da; beraz, saio hori Durangon egiteak pelikulari testuinguru bat ematen laguntzen dio.
Ander Sagardoy, ezkerretik hasita lehenengoa, Veneziako zinemaldian. IRUSOIN
Sumendi Filmak ekoiztetxea sortu zenuen Eneko anaiagaz batera, 2020an. Zelako lankidea da?
Bartzelonan nengoenean sortu genuen, gure bidetik egin gura genituen lanak ekoizteko. Agendagaitik, eta beste arrazoi batzuengaitik, gure lehenengo lana izatekoa zen Betiko gaua film laburra 2023ra atzeratu behar izan genuen. Baina martxa onean ibili gara lanean, eta orain, bazkide berri bategaz, Bartzelonara hurbiltzen hasi gara berriro. Momentu onean gaude: bide bat egin dugu film laburrekin, eta datorren urtean grabatuko dugu Sumendik ekoitziko duen lehenengo lan luzea. Bestalde, Betiko gaua Goya sarietarako hautagai izan daitekeen 30 laburretariko bat da; abenduan jakingo dugu hautagai izango garen ala ez. Hala ere, pozik nago egin duen ibilbideagaz, leku askotan ikusi delako, festibaletan, eta, besteak beste, Shangain eta Moskun.
Ilusio berezia egiten didate Enekogaz batera egiten ditudan proiektuek. Orain arte ekoitzi ditudan lan luzeetan ez dut lankide izan, eta, beraz, Betiko gaua izan da lehenengo esperientzia zuzena. Egia esanda, oso erraza izan da beragaz lan egitea. Berak konfiantza osoa izan du nigan ekoizle legez, eta nik ez dut bere lana zalantzan ipini. Zuzentzen duen lehenengo lana izan da, baina urteak daramatza sektorean, eta hori igarri egiten da. Oso profesional jokatu du, eta erabakiak hartzean ere fin ikusi dut.
Zeintzuk istorio kontatu gura dituzue?
Hasieran lelo bat genuen, baina errealitateak beste norabaitera eraman gaitu. Ikusi gura genituzkeen pelikulak egin gura genituen, baina orain ez dugu helburu zehatzik pelikula bati buruz; gidoia irakurri eta emozionatu egin behar gaitu, kontatzeko moduagaitik edo istorioagaitik. Hizkuntzak ez du zertan lotua egon, baina, egia esan, sentsibilitate berezi bat dugu euskaraz kontatzen diren pelikulekin.
Euskal zinemaren loraldi bat dago?
Enekok oso ondo erantzuten du hori galdetzen diotenean. Berak dio sei urte daramatzala loraldiarena entzuten; hortaz, edo sei urte daramatzagu loraldi batean, edo nahiko autokonplazienteak izaten ari gara. Egia da 2025a euskarazko estreinaldi eta grabazio askogaz datorrela, baina euskarazko ekoizpen gutxi dago. Aste honetan hasiko gara Moriartiren Maspalomas pelikula berria grabatzen; urte hasieran Paul Urkijoren Gaua hirugarren pelikulagaz ere hasiko gara. Badaude gauzak, bai, eta gu bulkadek eramaten gaituzte horrelako istorioak kontatzera. Baina ez gara erlaxatu behar datorren urtean lau pelikula egongo direlako, aurtengo urtea bereziki zaurgarria izan delako. Hortaz, militantziatik ere, euskaraz pelikula bakarra estreinatu dela kontuan hartuta, zinema aretoetan hori babestea komeniko litzateke. Jendeak badaki, baina ondo dator gogoratzea horrela erreferentziak sortzen direla. Plataforma, erakusketari eta abarrek badakite, ez da ekintza sinboliko hutsa.
Sagardoy, Donostiako Zinemaldian. IRUSOIN
Zinema aretoetara jende gehiago joaten dela aipatu duzu, baina plataformak eguneroko bilakatu dira. Istorio bat kontatzerako orduan, eragiten dizu zinerako sortu ala ez?
COVIDa inflexio puntu bat izan zen kontsumo ohituretan, garai hartan plataformek indarra hartu zutelako, eta ez da aurreko egoerara bueltatu. Eta horrelako dinamikak berrezartzea oso gatxa da. Guk, jakina, kontuan hartzen ditugu plataformak, finantziazio iturri garrantzitsua direlako alde batetik; bestetik, badakigulako pelikulek hor amaituko dutela, eta hori interesgarria ere bada, pelikulari beste bizi berri bat ematen diotelako. Baina, pelikulak, zinema aretoetan estreinatzeko egiten ditugu beti, eta horrela grabatzen ditugu, edo horren arabera hartzen ditugu erabaki estetikoak; pantaila handian ikusteko kalitateagaz grabatzen ditugu. Horri lotuta, berriro ere zinema aretoen balioa eta garrantzia nabarmendu beharko liratekeela uste dut. Oso esperientzia desberdina da pelikula bat zineman ikustea, irudi onagaz, soinu onagaz eta pantaila handi batean, edo etxeko telebistan ikustea. Nik etxean ez dut lortzen pelikula bat osorik ikustea mugikorrera begiratu barik. Ezinezkoa zait, eta, beraz, ez dut berdin gozatzen. Baina zinemara joateak, sarreraren prezioaz gainera, badu beste kostu bat: denbora. Zure dinamikak berrezarri behar dituzu, pelikulak irauten duen denbora horri eskaintzeko.
Horregaitik dira funtsezkoak Durangon martxan ipiniko duten zineklubaren moduko egitasmo herritarrak dinamika horiek sustatzeko. Modu komunitario batean, zinema guztiz apartatuta zuten pertsona horien bizitzara hurbildu dezakete zinema. Horrelakoek itzelean pozten naute. Eta zinema aretoak pelikulak ikusteko modu berezia direla gogoratzen didate.