"Urrezko domina irabaztea sorpresa izan da, hirugarren markarik onenarekin nindoan"

Anboto 2024ko urr. 24a, 15:39

Sonia Oceja erdian, urrezko dominarekin. (Argazkia: DKT)

Durango Kirol Taldeko Sonia Ocejak Espainiako txapelketa irabazi du heptatloian, F55 kategorian.

Joan zen asteburuan master mailako proba konbinatuen Espainiako txapelketa lehiatu zuten Madrilgo Alcobendas hirian. Sonia Ocejak (Durango, 1968) ezustekoa eman eta urrezko domina jantzi zuen heptatloian, F55 kategorian. "Urteko hirugarren markarik onenarekin joan nintzen. Beraz, urrezko domina irabaztea sorpresa izan zen, ez nuen espero inondik inora", adierazi du.

Heptatloia zazpi probek osatzen dute. Oceja espezialitate dituen probetan ibili zen ondoen: altura- eta luzera-jauzian eta pisu jaurtiketan. Proba horietan bereak izan ziren markarik onenak.

Heptatloian urrezko domina irabazten duen bigarren aldia da. Banakako txapelketetan, berriz, hainbat urrezko domina irabazi ditu bere ibilbidean, altura-jauzian, salto hirukoitzean eta luzera jauzian, esate baterako.

Asteburu honetan, pertika-jauzia

Durangoko atletismo pistak talde mistoen Espainiako txapelketa —Master mailan— hartuko du asteburu honetan. Oceja DKT taldeko partaidea izango da. Taldeari pertika-jauziagaz lagunduko dio. Oso gutxitan praktikatu duen espezialitatea da. "Taldean ez dugu pertikaririk eta ni jauzietan ibiltzen naizenez, neuri egokitu zait", dio.

Kuriositatez, bere ibilbideko lorpen handi bat pertika-jauzian eskuratu zuen iazko irailean. Italian, master mailako Europako txapelketan, brontzezko domina irabazi zuen F50 kategorian. Bost parte hartzaile ziren eta hirugarren geratu zen.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!