Xabi Barandika eta Imanol Lopez dira Jai Alai Leagueko txapeldun berriak

Anboto 2024ko urr. 22a, 09:17

Irabazleak txapela buruan dutela. (Argazkia: Danny Erdocio)

Atzo Durangoko Ezkurdi Jai Alain jokatutako finalean Sorozabal anaiak menderatu zituzten: 15-13, 13-15 eta 5-3.

Esperientzia eta sendotasuna. Hauek izan ziren atzoko finalean Barandika eta Lopezen ezaugarri nagusiak Jai Alai Leagueko finalean txapela janzteko. Lehen seta irabazi ondoren, zumaiarrak argi adierazi zuen ETBk eginiko elkarrizketa laburrean: "Gure helburua, besteek baino pilota bat gehiago sartzea da eta Johan jokoz kanpo uztea". Lehen helburua bete zuten eta hori nahikoa izan zen, emozio eta kalitate handiko final estua eskuratzeko. 

Ez zuen ematen finalak emozio asko izango zuenik. Barandika eta Lopez faboritoak 0-5 eta 1-6 jarri ziren aurretik. Biarritzko bi anaia gazteak (22 urte Johanek, 23 Gorkak) urduriago kantxaratu ziren, hutsak eginez. Baina lehen tantua errebesez egin zuen Johanek, indarrez eta ezker horman ondo baztertuta (1-5) eta pilota bizia atera zuten, ahalik eta lasterren. Johanek erritmo bizia eman zion jokoari, pilota abiaduran mugituz eta tantu batera jarri ziren hiru aldiz: 11-12, 12-13 eta 13-14. Hala ere, aurrean bikote horiaren sendotasunarekin egin zuten topo eta hauentzat izan zen lehen jokoa. Huts gutxiago egin eta pilotakada eraginkorragoak jaurti zituzten.

Bigarren jokoan,  7-8 iritsi ziren atsedenaldi laburrera faboritoak baina 12-12 berdindu eta gero, 13-13 egin zuten eta Johanek eta Gorkak seta ixten asmatu zuten: 13-15. Ezkurdiko harmailak, goi eta behe, zoratzen eta gehiago ikusi nahian.

Desenpatean emozioa izan zen nagusi. Azken tantuan, Johanek arrisku handiak hartuz horma bikoa bota zuen urrunetik. Pilota justu-justuan baina kontrakantxara joan zen. Kexatu egin ziren bi anaiak, ona izan zela eskatuz baina ETB-ko errepikapenak epaileei eman zien arrazoia. Beraz, Barandika eta Lopezentzat izan zen txapela.

Aginte makila Erkiagari

Sari emate ekitaldian, Jai Alai League-ko ordezkariek 'aginte makila' eman zioten Aritz Erkiagari, denboraldiko pilotari onenaren sari moduan. Ligako txapela irabazi ez arren, bera izan da urte osoan agintea izan duena. Ikusiko dugu, denboraldi berrian, inork makila kentzen dion.

Atzoko sari banaketako irudia. (Argazkia: Danny Erdocio)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!