"Musikagaz egiten zen trukea erromantikoagoa zen lehen"

Aritz Maldonado 2024ko urr. 21a, 08:21

Bizenta Mogel bibliotekak nobedade sorta prestatu du aurtengo ikasturteko programazioan. Horietariko bat El club del LP entzuleen kluba da. LP bat hartu, eta klubeko kideek bertan sakonduko dute, Joserra Rodrigo musika zalearen (Bilbo, 1964) gidaritzapean.

"Disko konkretu horiekiko maitasuna adierazteaz gainera, testuingurua ematen diet, emozioetatik entzuteko, lehenago egiten zen moduan", adierazi du Rodrigok. Berak pasioz bizi du musika. Pasión no es palabra cualquiera liburua kaleratu zuen 2017an, Friasen (Espainia) hainbat jaialdi antolatu du, eta rockaren emozio eskola tailerrak eman ditu hainbat urtean, baita UNED unibertsitatean ere. Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxeko LParen klubeko gidaria ere bada. Urriaren 25ean izango da lehenengo saioa, eta bertan The Clash talde handiaren London Calling ezaguna aletuko dute. Besteak beste, The Beatlesen Abbey road, Bob Dylanen Highway 61 eta Lucinda Williamsen Car wheels on a gravel road izango dira hurrengoak.

Zelan sartu zen musika zure bizitzan?
Nire anaien kaseteen bitartez. Umetako disko bi bereziki gogoan ditut; Mikel Laboaren Bat hiru eta Bob Dylanen Desire oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Pentsa, ahots desafinatu bik eraman ninduten teknikoki hain onak ez baina transmititzen zuten ahotsak apreziatzera. Ordutik, nire bizi osoa musikari lotuta egon da; songwriters direlakoak oso estimuan ditut; hau da, abestiak idazten dituztenak. 

Nortzuek osatzen dute entzuleen kluba?
LParen lehenengo taldea Gasteizen sortu nuen, Ignacio Aldecoa kultur etxean. Rock tradizio handia duen hiria iruditzen zait Gasteiz, neurri batean Azkena Rock jaialdiagaitik, eta uste dut Durangon ere badagoela rock zaletasuna. Saioetan, egun horretako diskoaren inguruko maitasuna adierazteaz gainera, testuingurua ematen zaio, sakondu egiten dugu lan horretan. Emozionalki entzuteko aukera izaten da baita ere, eta parte hartzaileen iritzia entzutea ere asko gustatzen zait. UNEDeko tailerretako batean Internet bidez egiten ahalegindu ginen, baina ez zuen funtzionatu. Joan egin behar da eta bertan bizi. Ilusio handia dut Durangora joateko; lagun asko dut bertan, eta plaza rockeroa iruditzen zait, gainera. 

Zeren arabera egin duzu LP aukeraketa?
Gustu pertsonalak dira; izan ere, ez dut artisten diskorik onena aukeratu gura izan bere horretan. Batez ere, lanaren traszendentzia azpimarratu gura izan dut. The Beatlesen Abbey Road-en kasuan, adibidez, testuinguru polita du; izan ere, agur disko bat da, ederra, euren arteko hartu-emana txarra zen arren. Fleetwood Mac taldearen kasuan, ostera, diskoa aro gatazkatsu batean grabatu zuten, taldekideak dibortziatzen zebiltzala eta kokaina ugari inguruan zutela, baina oso lan argitsua geratu zitzaien eta milioika ale saldu zituzten.

Musika entzuteko modua asko aldatu da urteekin. Elkar partekatzekoa ere?
27 urteko seme musikazalea dut, baina guztiz aldatu da musika partekatzeko modua. Errazagoa da lehen baino, baina, aldi berean, gatxagoa. Diskoak garestiak izan dira beti, eta, beraz, erosterakoan, aprobetxatu egiten genuen; gogoan dut Bruce Springsteenen The River erosi nuenean, Javi lagunari deitu eta makina bat bider entzun genuela. Diskoak hainbeste buelta eman eta gero, erre egin zen. Orain, ostera, dena eskura dago lainoan, eta beste modu batera entzuten da musika; azkarregi entzuten da. Musikagaz egiten zen trukea erromantikoagoa zen lehen; hala ere, ez dut inor epaitu gura, gero sorpresak ere eramaten dituzulako.

Rocka hilda dagoela diote batzuek.
Hizkuntzak berba egiten badira hiltzen ez diren moduan, musikak ez dira hiltzen entzuten badira. Abestiak batasunerako elementu kulturala dira, gizartea ordezkatzen dute. Adibidez, The Clashek gaur egungoaren antza duen garai batean kaleratu zuen Sandinista, guda bategaz. Zerrendetan oso goian egon zen, protesta horrek testuinguruagaz hartu-emana zuelako. Badago hori gaur egun? Alde horretatik, elementu igorle modura, hil egin da. Ez du ordezkatzen gizartea. Baina horregaitik ez diogu utzi behar kontzertuetara joateari. Adibidez, ekainean, Gasteizko Azkena Rock jaialdian, Patti Smithek guztiz konektatu zuen publikoagaz. Une horietan bizirik dago igorle modura, baina puntualak dira.

Jarraitzen diozu egungo musikari?
Bai. Rosaliaren Motomami defendatzearren sekulakoak esan zizkidaten sare sozialetan! Gogokoena ez dudan arren, artista ausarta dela iruditzen zait. Nahiko konektatuta egon izan naiz beti, eta adi jarraitu diet nobedadeei; baina azken urte bietan, eta lotura izango du LParen klubagaz, lan klasikoagoetan sartuago nago. Arctic Monkeyseko Alex Turner artista oso interesgarria dela iruditzen zait, adibidez; The Kinkseko Ray Davies gogoratzen dit neurri batean. Oso ondo abesten du eta letra itzelak idazten ditu. Hala ere, gaur egungo beste disko batzuek entzunaldi bati baino gehiagori ez diotela eutsiko esango nuke. Aurtengo kontzerturik onena Anohnirena izan dela esango nuke, adibidez; Donostiako Kursaalean ikusi nuen eta harrigarria izan zen. Ezingo nintzateke bizi musikarik barik; egun osoan nago kaskoak ipinita, edo disko plateragaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!