Durangoko Azokan parte hartzeko epea itxita badago ere, Durangaldeko sortzaileek oraindik aukera dute bertan euren sormen lanak erakusteko, 'Durangaldeko argitalpenak' erakusmahaian. Stand honetan, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean duten sortzaileek, enpresek (argitaletxe, disko etxe, ekoizpen enpresa eta banatzaileek), elkarteek edo erakunde ofizialen edo beste erakunde batzuen argitalpen zerbitzuek hartu ahal izango dute parte, Azokaren araudia betetzen duten bitartean.
Sortzaileak Azokara daramen lana urtekoa bada, nobedadeen katalogorako fitxa bete beharko du. Beste edozein partaidek bezala, erakusmahaian sinatzen egoteko aukera izango du Gerediaga elkarteak ohar batean adierazitakoaren arabera.