Aurten zuek izango duzue Durangoko jaietako txupina jaurtitzeko ohorea. Zelan zaudete?
Ilusio handiz hartu dugu. Zozketa bidez erabakitzen da eta bagenekien egunen batean tokatuko zitzaigula. Aurten egokitu zaigu eta oso pozik gaude, ilusio handiagaz, horrek bere erantzukizuna duen arren.
Dagoeneko erabakita duzue nork jaurtiko duen txupina.
Bai, Norak eta Ismenek jaurtiko dute. Durangon Haurren Kontseilu bat dago, eta biek kontseilu horretan parte hartu zuten iaz; beraz, eurek izango dute txupina jaurtitzeko ohorea.
Prest duzue pregoia?
Norak eta Ismenek irakurriko dute, eskola osoaren izenean, baina horretan ikasle guztiak inplikatzea gura izan dugu, eta denon artean gabiltza ideiak hartzen. Behean txupinazoa ikusten daudenak ere momentu horren parte izatea gura dugu; horregaitik, abestiren bat, bertsoren bat edo bien arteko konbinazioren bat prestatzea darabilgu buruan. Oraindino zehaztu barik dugu. Ea aurkitzen dugun moduren bat denak partaide sentitu daitezen.
Jaietako prentsaurrekoan mugikorra albo batera uzteko gonbita egin zenuen, eta unean unekoa gozatzeko deia egin zenuen. Zergaitik?
Oihartzun handia hartzen dabilen gaia da eta jendea mugitzen dabilela ikusten dugu. Ematen du umeek ez dutela momentua bizi izaten, bizitza birtual batean daudela, eta galdu egiten dutela aurrean dutena. Gazteentzat hainbat gauza antolatzen da lagun artean egon daitezen eta elkarregaz disfrutatu dezaten, baina mugikorraren erabilera muga bat da horretarako, eta horrek pena itzela ematen dit.
Euskaraz berba egiteko deia ere egin zenuen.
Kalean umeei erdaraz entzuteak pena handia ematen dit, eta poz handia euskaraz dabiltzanean. Jai giroan denok dugu jarrera baikorragoa, eta hainbat gauzek lagundu dezakete giro euskalduna zabaltzen: kaleek, guneek, eragileek.... Umeei erakutsi egin behar zaie bizi daitekeela euskaraz, eta euskara dibertigarria dela.
Beste ezer gehitu gura zenuke?
Ekintzetan eta jaietan jarrera baikorragaz parte hartzeko deia egiten diot jendeari, programan ondo begiratu eta jai batzordeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko deia.
Hemen batu ditugu umeen egunean etxeko txikienek haien kasa ibiltzeko ekitaldi batzuk. • 11:00 - 14:00 Umeentzako parkea Landako Eskolan • 11:00 - 14:00 Gaztetxoentzako jolasak Ibaizabal parkean • 11:30 Umeentzako kalejira Alde Zaharretik, buruhandiekin •12:00 Patxikotxurekin kalejira San Antonio ikastetxearekin, Ezkurditik udaletxera. Ondoren, ohorezko aurreskua Kriskitin Dantza Taldearen eskutik • 12:30 Txupinazo txikia udaletxeko plazan • 13:00 DJ Bull. Andra Mariko elizpean • 16:00 - 19:00 Umeentzako parkea Landako Eskolan • 17:00 Tailerren txokoa eta Pomper ikuskizuna Ezkurdin • 17:00 Apar jaia eta txokolatada Muruetatorren • 18:30 Antzerkia: Erantsi SL ikuskizuna Goitibera antzerkia konpainiaren eskutik. Otamotzena parkean |