Durangoko jaiak

"Durangarra izanda, jaien parte izatea oso polita da"

Joseba Derteano 2024ko urr. 10a, 08:30

Durangoko Udaletxeko balkoitik jaiei hasiera emango die Vanessa Goikoetxea sopranoak. Esango dituen berbak musikagaz loturaren bat izango dutela aurreratu du. Bere herriko pregoilaria izatea "ohore handia" da Vanessa Goikoetxea sopranoarentzat. Mundu osoko eszenatokietan abesten du, eta, agenda bete-beterik duen arren, aurten geldialdia egingo du San Fausto jaietan. 

Durangoko pregoilari izateak zer esan gura du zuretzat?
Ilusio handia egin dit. Benetan irrikan nago aurtengo jaietan egoteko. Txikitatik familian gozatu dut jaiez, eta akordu asko dut, maitasun handiz gogoratzen dudan une asko: artopilak, Ezkurdin egiten ziren kuadrillen desfileak... Urte askoan ezin izan naiz jaietan egon, laneko bidaiak direla eta, eta, horregaitik, aurtengoa oso berezia izango da. 

Aurrera eta atzera ibiltzen zarenez eta asko bidaiatzen duzunez, gatx izango zen zure agendan jaiei lekua egitea.
Bostonen izan naiz (AEB) abesten. Orain Andres Isasiren abesti batzuk grabatuko ditut eta aurkezpena Getxon izango da. Hartara, posible izango da jaietako ekitaldi nagusietan izatea.

Noiz bizi izan zenituen azken sanfaustoak?
Ez dut gogoratu ere egiten. Agian egun baten edo bitan izango nintzen hemen, baina jai osoetan ez. 20 urte dira Durangotik kanpora nagoela.

Pentsa dezakegu eszenatoki handietara ohituta dagoen pertsona bat ez dela urduri ipiniko bere herriko udaletxeko balkoian pregoia irakurtzerakoan. Hala da?
Ohituta nago eszenatoki gainean egoten, baina abesten. Nire herrikideen aurrean pregoia irakurtzea beste kontu bat da, eta, egia esanda, ez nago prestatuta horretarako. Oraindino ez dut zehatz-mehatz pentsatu zer esango dudan. Musikari buruz berba egingo dut, hori seguru. Durangarra izanda, oso emozionatuta nago; jaien parte izatea polita da.

Plaza garrantzitsuetan abestu ahala, urteetan ikasi egiten da urduritasunari neurria hartzen ala beti dago zirrara berezi bat eszenatokira irten aurretik?
Zirrara hori beti dago hor, baina esperientziak kontrol apur bat ematen dizu. Gustatzen zait adrenalina, eta eszenatokiak ematen dit hori.

Baduzu trukorik urduritasunari aurre egiteko?
Ez, publiko aurrean asko disfrutatzen dut. Dena dela, opera guztiak ez dira berdinak. Lan batzuk errazagoak dira, eta beste batzuk gatxagoak. Baina hor nagoenean esker onekoa naiz. Abesten dudanean jendeak ondo pasatzea baino ez dut gura.

Non harrapatu zintuen pregoilari izateko proposamenak?
Oker ez banago, Florentzian (Italia) nengoela deitu zidaten proposamena egiteko. Gero, Bostonera (AEB) joan nintzen. Jaien ondoren, Madame Butterfly lanaren entseguekin hasiko naiz. Gero, Madrilen beste proiektu bat dut, El manojo de rosas. Handik Italiara joango naiz.

Horrek badu nomada bizimoduaren itxura.
Ohituta nago. Maletak egin eta desegin, horixe da gustatzen ez zaidan bakarra.

Jaiak ez dira berdin bizi izaten umeak eta helduak garenean. Zelan gogoratzen dituzu txikitako jaiak?
Musikagaz gogoratzen ditut, giro onean: dantzan, abesten, txosnetan... Orain ama naiz eta umeen ekitaldietara joaten gara.

Aurtengo jaietan ez zara pilotalekutik urrun egongo.
Zesta eskolako taldean parte hartzen dut. Azken hileetan oso lanpetuta egon naiz, baina badakit finala topera egongo dela. Jai Alai oso garrantzitsua izan da beti Durangon. Urte askoan beherakada bizi izan badu ere, orain berriro ere ipini dugu martxan. Galdu duen su hori bizitzen hasi gara. Jendea ekintza guztietara joatera animatzen dut, baina Jai Alaira bada, hobeto.

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna?
Oraintsu Bostonen izan naiz abesten, eta gurasoak bisitan etorri dira. Aitak Floridan Palm Beachen eta New Porten jokatzen zuen. Ordubete dago batetik bestera kotxez. Gurasoak Floridan egoten dira, baina New Porten ez, eta bidaia hori baliatu genuen bertara joateko. Frontoia zarratu egin zuten, baina han bizi izandako uneak gogoratu genituen. 

Zelan hasi zinen musika ikasten?
Ameriketatik etorri ginenean, San Antoniora joan nintzen ikastera. Lehen mojak zeuden. Ahizpa bik musika ematen zuten. Pianoagaz, akordeoiagaz eta solfeoagaz hasi nintzen. Gero, ikasketa arautuak egiteko, Bartolome Ertzillara joan nintzen. Goi mailako ikasketak Bilbon eta Madrilen egin nituen. Durangoko musika munduagaz konexioa izaten jarraitzen dut.

Abeslariei perfekzioa eskatzen zaizue.
Hala da. Opera perfekzioaren gailurra da. Guk erabiltzen ditugun muskuluak oso txikiak dira. Eskuekin jotzen ez duzun tresna bat da. Eta egunero ez zaude berdin. Gorputz osoak abesten du, ez bakarrik ahots kordek. Gaur egun irratian entzuten diren abesti askotan auto-tunea dute, eta hori beste gauza bat da. 

Ikusi duzu Celine Dionen dokumentala? Bere ahots arazoen berri ematen du, oso modu gogorrean.
Celine Dion beti gustatu izan zait. Formakuntza lirikoa du. Ahotsagaz arazoak izan dituzten lagunak ditut, ahots kordak oso txikiak dira, eta, txarto erabiltzen badituzu, gorputza kexu izango da. Teknika bat dago abesteko, eta erabili egin behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!