Durangoko jaiak

"Lehiaketak onak dira norbere artea besteekin partekatzeko"

Maialen Zuazubiskar 2024ko urr. 9a, 12:10

Maite Robles berriztarraren Giro Alaiak ilustrazioak iragarriko ditu aurtengo Durangoko jaiak. Roblesek afizioz egiten ditu horrelako lanak, baina etorkizun batean afizioa ofizio bihurtzea du helburu. 

Zelan jaso zenuen kartel lehiaketa irabazi izanaren albistea?
Orain hiru bat aste jaso nuen berria. Klasetik irteten nengoela, Durangoko udaletik deitu zidaten. Lehiaketako irabazlea nintzela esan zidaten. Pozez hartu nuen notizia. 

Kartelean zer islatu gura zenuen?
Fikziozko egoera bat. Hasieran hainbat gauza sartu gura nuen, baina kartela larregi ere ez nuen kargatu gura. San Fausto jaietan ohitura nagusi direnak ekarri gura nituen kartelera. Kartel dinamikoa, koloretsua eta alaia egiten ahalegindu naiz, jaietako ekintza eta ohiturak nahastuta. 

Zelakoa izan da kartela egiteko prozesua?
Hasieran eduki nituen ideiak eta amaierako emaitza oso desberdinak direla esan behar dut. Ilustrazio hau egiteko, alde batetik, Durangoko zenbait gune hartu eta uztartu egin ditut: eliza, udaletxea... Gero, gune horiek eszenatoki bihurtu ditut. Bestetik, zein pertsonaia sartu eta zeintzuk kanpoan utzi erabaki behar izan dut. Prozesu guztietan lez, probak egin behar izan ditut amaierako kartel honetara heltzeko.  

Sarri aurkezten zara horrelako lehiaketetara?
Beti ahalegindu izan naiz horrelako lehiaketetan parte hartzen. Erreminta onak dira norbere artea besteekin partekatzeko eta norbera eta norbere lana ezagutarazteko. Horrez gainera, beste pertsona batzuek egiten duten lana ikustea ere oso baliagarria dela esango nuke, bakoitzaren lan pertsonalerako. Azken finean, hainbat gauza berri ikasi daiteke: teknika berriak, konposizio berriak edo dena delakoa.  

Marraztea afizio baino ez duzu ala ofizio ere bihurtu gura zenuke?
Gaur egun afizioa baino ez da niretzat, baina gustatuko litzaidake etorkizunean ofizio izatea. Egin izan ditut lantxo batzuk orain arte: zenbait diskotarako azalak, erretratuak... Apurka-apurka hori profesionalizatzeko ahalegina egiten nabil. Orain urtebete inguru, adibidez, Instagrameko kontu bat zabaldu nuen eta egin ditudan lanak ikusi daitezke bertan. Beraz, nire lanen bat eskuratu gura duenak kontu horretan (@maiteilust) jarraitzeko aukera du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!