"Urteotan lokalean lanean jarraitu dugu"

Aritz Maldonado 2024ko urr. 4a, 12:00

The Kraven talde durangarrak 'Dawn of civilization' lana aurkeztuko du asteburuan Plateruenan; Orion Child eta Hiranya taldeek ere lan berriak aurkeztuko dituzte gaualdi berean; hamalau urteko etenaldiaren ondoren, boskotea gogotsu bueltatu da.

Hamalau urteko etenaldiaren ondoren, The Kraven gogotsu bueltatu da entsegu lokaletik kanpoko bizitzara. Boskoteak hainbat kontzertu eman du 2022tik. Dawn of civilization lan berria grabatu eta kaleratzeko astia ere izan dute. Orain zuzenean aurkezten dabiltza, eta, kaleratu zutenetik, lehenengoz joko dute Durangon. ANBOTOk Asier Duñabeitia gitarristagaz berba egin du. 

Zelako harrera izan du lanak?
Esango nuke metala entzuten dutenen artean harrera ona izan duela, eta gure ezagunen artean ere ondo jaso dute. Bost kantak osatzen dute lana, eta horietariko bat, Play for losing, zaharra zen; berriro grabatu gura genuen, beste soinu berriago bategaz. Egungo soinu ekipoek ez dute zerikusirik lehengoekin, urteekin aukera gehiago izan dugu gure soinua garatzeko, eta musikari lez ere hobeak gara. Musika aldetik ez gara asko aldatu urteotan, metala egiten dugu batez ere, baina badaude ñabardurak; kantak desberdinak dira euren artean, eta guk ez ditugu etiketak gustuko, baina metala dago oinarrian. Orain hauek grabatu ditugu, baina baditugu abesti berriak. Azken finean, hamalau urteotan ez gara geldirik egon, entseatzen jarraitu dugu, lokalean lanean jarraitu dugu, eta talde modura ere hazi egin gara.  

Zelan Aitor Ariñogaz grabatzen?
Ederto. Berrizko maketa lehiaketa irabazi genuenean, han grabatu genuen. Eta oso gustura geratu ginen emaitzagaz. Arantza hori genuen, bueltatzeko gogoa. Itzuleratik kanta bi kaleratu ditugu, lokalean grabatuta. Baina hauekin beste modu batera egitea gura genuen, eta diru apur bat ere aurreztuta genuenez, Berrizera joatea erabaki genuen, Aitorrengana. Oso pozik gaude emaitzagaz. Berrizen bertan grabatzea aldeko genuen, eta aurretik Aitorregaz lan egitea ere bai. Soinu aldetik bazekien zeren bila genbiltzan; soinu gordina bilatzen genuen, eta, beharbada, gaur egun soinu mota leunduago bat dago modan. Estudioan eta oholtzan soinu berdintsua bilatzen dugu, gaur egun behintzat. Ez dugu baztertzen aurrerago beste zeozer bilatzea, baina orain hori gura genuen.

Lan berria lehenengoz plazaratuko duzue Durangon.
Bai, baina EPa kaleratu genuenetik, Lleidan eta Portugaleten ere jo dugu.

Beste talde durangar bategaz jotzeak berezi egingo du gaualdia.
Orion Childeko kideak aspalditik ezagutzen ditugu eta oso ondo moldatu izan gara beti eurekin. Oso jende jatorra da. Eta Hiranyagaz jotzen dugulako ere pozik gaude. Azken finean, ondo dator jende berria ezagutzea, mundu honetan kontaktu gehiago edukitze aldera.

Eta zapatutik aurrera, zer asmo?
Abesti berriak ditugu errekamaran, eta berriak ere idazten gabiltza. Hiru-lau nahiko egituratuta ditugu. Puntu onean gaudela uste dut, eta konfiantza dugu, gugan eta abestietan. Denbora batean ez dugu kontzertu askorik emango, familia kontuengaitik, baina ahal denean kanta berri horiek grabatzea gustatuko litzaiguke, eta horiek zuzenean jotzea.

Melodiak protagonista 'Aesthesis' lanean, indarrik galdu barik

Metal festa borobila bizi izango da zapatuan Plateruenan, eta protagonistetariko asko durangarrak izateak asko lagunduko du, gainera. The Kravenen antzera, lan berria besapean duela igoko da oholtzara Orion Child taldea. Aesthesis lan berria aurkeztuko dute, hain zuzen ere. Taldeak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du. Azken sasoian egin duten moduan, lan honetan ere power metal iluna eta death metal melodikoa uztartu dituzte. Aurreko Continuum Fracture baino indartsuagoa dela dirudien arren, melodiek protagonismo handia izaten jarraitzen dute. Musika aldetik ez ezik, lan berriak hitzetan ere islatzen du segida hori. Horrela, Continuum Fracture lanean aurkeztu zuten apokalipsi nuklearraren osteko munduan fakzio desberdinen arteko gatazkak aletuko dituzte lan kontzeptual berri honetan; hirugarren lan batek borobilduko du etorkizunean trilogia. Metalzaleen artean sobera ezagunak diren Ronnie Romero eta Pedro J. Monge musikariek ere parte hartu dute diskoan.

Gabaldia amaitzeko, Hiranya taldea ere igoko da oholtzara. Boskote madrildarrak ere lan berria aurkeztuko du, Hiranya, eta nu metal eta metalcore ikutuak dituen death metal melodikoa jorratzen du. Hau ere talde beteranoa da; izan ere, 2015etik dabil martxan. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak 18 euroan (+ komisio gastuak) erosi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!