"Askotariko bidelagunak behar ditu Durangoko Azokak: sortzaileak, partaideak, herritarrak, erakundeak eta babesleak ere bai. Babesletza honi esker, indartu egingo da azoka", nabarmendu du Mujikak. EITBk ere "atsegin handiz" hartu du lankidetza eta babesle bilakatzea. "Euskara eta euskal kulturan herri adierazpen handian, gure presentzia handitzea eginbeharra eta helburua dira", azpimarratu du Aldekoak. Beñat Gaztelurrutiak, ostera, balio garrantzitsua eman dio hitzarmenari. "Euskal kulturgintza bistaratzeko urrats garrantzitsua izango da, nahiz eta jakitun izan Durangoko Azoka kulturgintza horren zati bat baino ez dela. bide handia dugu egiteko zeregin horretan, eta urrats honek bidea erakutsiko digu".
Durangoko Azokak eta EITBk aurrez ere kolaborazioak landu izan dituzte, besteak beste, Biba zuek magazinean edo Mihiluze saioan. Kolaborazio horiek mantendu eta berriak sortuko dira sinatu berri duten hitzarmenagaz. Horrela, EITBk Durangoko Azokaren berri emateko ahalegin berezia egingo du aurrerantzean, ekitaldian azaldutakoaren arabera. Irrati, telebista eta eremu digitaleko edukietan tarte handiagoa eskainiko dio euskal kulturaren topaguneari eta azokatik bertatik hainbat saio emitituko ditu.