856 durangarrek bozkatu dute 2025eko aurre-kontu parte hartzaileetan

Anboto 2024ko urr. 1a, 08:10

Interes orokorreko proposamenek batu dute boto gehien; 508, hain zuzen ere. Ondoren, gazteei zuzendutako proiektuek, eta, azkenik, adineko pertsonentzako diseinatutakoek. Proiektu bozkatuen behin betiko zerrenda jakinaraziko du udalak datozen asteetan

Durangoko Udalak 2025eko aurrekontu parte-hartzaileen bozketa prozesua amaitu du. 856 durangarrek eman dute botoa, eta interes orokorreko proiektuek izan dute babes handiena. 508 boto batu dituzte, hain zuzen ere. Ondoren, gazteei zuzendutako proiektuek batu dute boto gehien (221), eta, azkenik, adineko pertsonentzako diseinatutakoek (127). Proiektu bozkatuen behin betiko zerrenda jakinaraziko du udalak datozen asteetan.

Udal arduradunen berbetan, "herritarrek inplikazio nabarmena" izan dute 2025eko aurrekontu parte hartzaileen proposamenen aukeraketan. Irailaren 9tik 23ra egin zen bozketa. Hartara, "prozesu horrek udalerrian demokrazia parte-hartzailerako funtsezko tresna gisa duen garrantzia berretsi du". Durangoko Udalak 200.000 euro bideratu ditu herritarrek aukeratutako proposamenetarako.

Honako propiektu hauek nabarmendu dituzte udal arduradunek:

  • San Agustin ingurua, Zeharkaleko zubia eta Durangoko garbitegiak hobetzea (100.000 euro)
  • Parke Berdea (100.000 euro).
  • Tenis-pistetako batean zoladura aldatzea (75.000 euro)
  • Play it - Musika jaialdia (50.000 euro).
  • Tabirako 7. futbol-zelaiaren argiztapena (30.000 euro).
  • Edukiontzi lagunkoiak adineko auzoetan (50.000 euro).
  • Hiri-altzariak hobetzea Sasikoa inguruan (8.000 euro), adinekoen sozializazioa eta erosotasuna errazteko.

Asier Perugorria Partaidetza zinegotziak nabarmendu duenez, "aurrekontu parte hartzaileak funtsezkoa dira administrazioaren eta Durangon bizi diren pertsonen arteko harremana sendotzeko. Herritarrak ahaldundu ez ezik, bizi-kalitatea ere hobetzen du, proposamenak zuzenean txertatzen baititu udal- aurrekontuan". Gaineratu du, "aktiboki parte hartzeak tokiko demokrazia sendoagoa eta inklusiboagoa lortzen" laguntzen duela. "Aurrekontu parte-hartzaileak Durangoko bizilagunei entzuteko, haien beharrak identifikatzeko eta inbertsioak komunitateari benetan axola zaionaren arabera lehenesteko tresna dira".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!