Zerbitzu berria Intxaurrondoko Oktogonoan eskainiko dute, Gaztegunean. Martitzenetan izango da, 16:00etatik 17:00etara. Whatsapp zenbakia 644 898 661 da, eta Instagram kontua @sexorienta. ANBOTO Jesica Ruiz Herrigintza zinegotziagaz eta sexu aholkularitza zerbitzua emateaz arduratuko den Irati Martin atxondarragaz batu da. Martin gizarte hezitzailea eta sexologoa da.
Zer eskainiko du zerbitzu berri honek?
Jesica Ruiz: Sexualitateari buruzko aholkularitza zerbitzua izango da, eta era presentzialean zein Whatsapp edo Instagram bidez eskainiko da. Gazteei zuzenduriko zerbitzua da gehienbat, sexualitateari buruz normaltasunez eta askatasunez berba egiteko aukera emango duena. Gazteek haien kezkak eta arazoak kontsultatzeko espazio aske bat izango dute hemen.
Irati Martin: Aholkularitza zerbitzuaren oinarria etortzen denaren egoera aztertzea da. Baina ez gara azterketa psikologiko batez ari. Ekartzen dutenaren arabera, zer egin dezakegun aztertuko dugu. Zalantza bategaz etorri daitezke, edo kezka bategaz, eta ekarri ditzaketen oztopoei buelta ematen laguntzen ahaleginduko gara.
Zein adin tarteri zuzenduriko arreta izango da?
J.R.: Hamalau urtetik gorakoei eskainiko zaie arreta, baina, berez, ez dago mugarik, ez goitik ez behetik. Izan ere, gertatu daiteke gazteren baten gurasoa kezkaren bategaz etortzea hona. Hau da, gazteek izan dezakete arazoren bat, eta gurasoek beharbada ez dakite hori zelan kudeatu.
I.M.: Guzu psikologia eta sexologia zentroan antzera bateko zerbitzuak eskaintzen ditugu beste hainbat herritan. Normalean, familiak, nerabeak eta helduak etortzen dira. 12-14 urtetik 16-18 urtera arteko gazteak etortzea da ohikoena. Edozelan ere, hau edozeinentzat dago zabalik. Helburua kezkak partekatzeko espazio seguru bat sortzea da.
Zeintzuk dira gazteek izaten dituzten kezka nagusiak?
I.M.: Denerik dago. Gainera, adinaren arabera eta bakoitzak bizi duen momentuaren arabera, kezkak askotarikoak izan daitezke. Nerabeak identitateari loturiko kezkekin etortzen dira. Beste batzuetan, hartu-emanaren barruan identifikatzea kostatzen zaien deserosotasunen bat dela-eta etortzen dira. Hemen kezka horien arrazoiak ulertzen edo identifikatzen laguntzen dugu, buelta ematen laguntzeko. Helduak, ostera, hartu-emanetako egoerak kudeatzeko aholku bila etortzen dira. Egoeretariko batzuk hartu-eman barruko desirak aldatzeagaz lotuta daude, eta elkarbizitzari loturiko kezkak eta iritzi desberdintasunak ere badira. Hartu-emanak zelan ikusten diren, eta horiek desberdin ikusten badira zelan kudeatu... askotariko zalantzak egon daitezke. Nerabeen kasuan, sexuaren bitartez transmititzen diren gaixotasunei loturiko kezkak daude. Babes neurriei buruzko galdera asko izaten dute.
Izan ere, zerbitzuaren beste helburu bat hartu-eman osasungarriak bultzatzea da.
J.R.: Datuak ikusita, sexuaren bitartez txansmititzen diren gaixotasunek gora egin dute. Horiek prebenitzea eta horiei buruz berba egitea ere bada zerbitzuaren helburua.
Aurrez aurreko arretaz gainera, Whatsapp zenbakia eta Instagram ipini duzue eskuragarri. Kontsulta anonimoki egiteak zelan laguntzen du?
I.M.: Oso lagungarria da. Gazteei gatx egiten zaie arrotza den espazio batera joatea, batez ere bertan nor topatuko duten ez badakite. Whatsapp zenbakiak eta Instagram kontuak anonimotasuna eskaintzen dutenez, babes hori sentitzen dute.