Ibon Pujana Iturbek (Durango, 1971) birritan egin du Ehunmilak lasterketa (171 km), eta behin Kangas Mountain traila (60 km), Europako Tontorrak traila (70 km), Gran Canaria ultra traila (126 km) eta Mont Blanceko ultra traila (170 km). Tor des Geants orain arteko bere erronkarik gogorrena izan da. Sei egunetan osatu ditu probako 350 kilometroak, 30.000 metroko desnibel positiboa gaindituta. Akituta, baina bizitako esperientzia oso berezia izan den sentsazioagaz bueltatu da Italiako Alpeetatik.
Zelako esperientzia izan da?
Niretzat abentura bat izan da lasterketa bat baino gehiago. Hainbeste kilometroan gauza asko gertatu daiteke eta, egia esanda, horrela gertatu da.
Zer izan da gogorren egin zaizuna?
Laugarren egunetik aurrera ekaitza sartu zen eta tenperatura asko jaitsi zen. Sentsazio termikoa -15 gradukoa zen. Gailurretako elurra izoztuta zegoen eta kranpoiak ipinita ibili behar izan nuen. Gainera, haize bortitza egin zuen. Egoera benetan gogorra bizi izan nuen, 3.000 metrotan ibili ginelako sarritxotan. Eguraldi iragarpenak ez ziren hain txarrak, baina toki horietan eguraldia egun batetik bestera aldatzen da.
Fisikoki zelan eragin dizu?
Belaunetik sufritu dut, baina probara justuan nentorren. Izan ere, abuztuan prestakuntza modura Pirinioetako GR11ko etapa batzuk egin nituen eta tibia-tendoian lesio bat izan nuen. Ia ezin nintzen ibili ere egin. Tor des Geants ate joka zegoen eta Iñaki Osoro fisioterapeutari eskerrak hobera egin nuen. Osatu antzean joan nintzen Italia aldera. Lehenengo etapa ondo egin nuen, baina bigarrenean molestiak izan nituen. Jakina, entrenamenduak gauza bat dira, baina hankari hainbeste desnibel eta kilometro exijitxen diozunean… Hango medikuagaz egon nintzen. Txipa aldatzeko eskatu zidan, korrika barik oinez arin ibiltzeko, eta halantxik egin nuen. Bidean ordu gehiago eman nuen, baina, tira, ez zidan ardura izan, nire helburua amaitzea zen eta, egindako denborari begiratu barik.
Proba bertan behera uztea pasatu zitzaizun burutik?
Ez, burugogorrak gara eta! Behin han egonda, aurrera egin nuen. Edozein gauzaren gainetik proba amaitzea nuen helburu. Abentura hauetan garrantzi handia du buruak. Etapa bakoitza ordu asko dira, 18 inguru, eta ez dakizu zer gertatu daitekeen. Hau da, ez dago jakiterik arazoak nondik etorri daitezkeen, gauza bat ez bada beste bat izan daiteke. Lo gutxi egiten da, ordu bi eskas eguneko. Fisikoki ondo prestatu behar duzu, jakina, baina ehuneko handi bat mentala da. Animo aldetik oso baxu zauden uneetan, indarra bilatu behar da aurrera egiteko, momentu hobeak etorriko direla konbentzitu behar duzu zeure burua.
Bakarrik ibili zara?
Lehenengo egunetan bai, baina gero taldetxo bat osatu nuen Andaluziako, Kataluniako eta Ondarroako lagun banagaz. Antzerako erritmoan gindoazen laurok. Taldean joateak burua distraitzen laguntzen du. Edozer gauzari buruz berba eginda ere burua beste kontu batzuetan duzu. Bestela, etapak oso luze egiten dira. Elkarregaz heldu ginen helmugara, eta elkarregaz bazkaldu genuen gero. Horrelako hartu-emanak Tor des Geants probako beste alderdi positibo bat dira.
Beraz, ona eta txarra balantzan ipinita, esperientzia positiboa izan da?
Oso positiboa. Tor des Geants abentura gogorra da eta dena eskatzen dizu, barruan duzun guzti-guztia, baina ordainetan dena ematen dizu. Oso bizipen bereziak eskaintzen dizkizu. Ildo horretatik, eskerrak ematen dizkiot KW lantegiari eman didan laguntza ekonomikoagaitik. Euren laguntzari esker bizi ahal izan dut abentura hau.