Durangoko Udalak eta Uruguaiko Montevideo hiriburuak 2022ko irailaren 27an sinatu zuten senidetze ituna. Orain, bigarren urteurrena ate-joka dagoen honetan, udalerri biek anaitasuna ospatzeko ekitaldiak egingo dituzte. Durangoko kasuan, ekitaldiok irailaren 25etik 27ra egingo dira. Udal ordezkariek eta ekitaldi kulturaletan esku hartuko duten eragileek ospakizun ekitaldien xehetasunak aletu dituzte eguerdi honetako prentsaurrekoan.
Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "data bereziak" izango dira datozen astekoak, "harro" egoteko modukoak. Montevideoren eta Durangoren arteko senidetzeak askotariko proiektuak garatzen lagunduko duela iritzi dio, hala nola, "proiektu turistikoak, ekonomikoak, artistikoak zein kulturalak". "Horiek guztiak lankidetzan garatuta alde biek onura" lortuko dutela azpimarratu du alkateak.
Ekitaldi ugari
Irailaren 25ean, Durangoko gobernu taldeak adierazpen bat eramango du osoko bilkurara. Hain zuzen ere, irailaren 27a hiri bien arteko senidetze egun ofizial modura izendatzeko proposamena da aurkeztuko dutena.
Ekitaldiek biharamunean izango dute segida, hilaren 26an. 18:00etatik 20:00etara, Eingo musika taldeak kalejira egingo du Alde Zaharrean eta Ezkurdin barrena, Euskal Herriko zein Uruguaiko musika interpretatuta. Gero, 20:00etan, ekitaldi bat egingo da Andra Mariko elizpean. Bertan, bertsolariak, txalaparta, Durangoko Orfeoiaren emanaldia, Kriskitin Dantza Taldea eta tango dantzariak egongo dira.
Irene Astigarragak, Durangoko Orfeoiko zuzendariak iragarri duenez, taldeak kantu bi interpretatuko ditu: Pablo Sorozabal konpositore donostiarraren Bihotz bat, eta Eusebio Bilbao durangarraren Herri maite. Bestalde, Johanna Illanesek durangarrak tango erakustaldia egingo du. "Tangoa mundu guztiak dantzatu dezake, zerbait irekia dela erakutsi gura dugu. Guretzat hain ederra den tradizioa gerturatu gura dugu", azaldu du Illanesek prentsaurrekoan.
Elkoroiribe alkateak ekitaldietan parte hartzera deitu ditu durangarrak. "Senidetze hau sinbolismotik harago dagoen zerbait da. Urrun gaudela eman dezakeen arren, senidetze hau oso etekingarria izan daiteke bi aldeentzat", adierazi du alkateak.