Durangoko Udalak Turismo Bulegoaren 2024ko udako datuak ezagutarazi ditu. Horien arabera, 4.815 pertsonak bisitatu zuten Turismo Bulegoa ekainean, uztailean eta abuztuan, hau da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (4.769 bisitari), kopuruak % 0,96ko igoera izan du. Egindako kontsultak turismo-baliabideei, kultura-ekitaldiei eta aisialdiko jarduerei buruzko informazioarekin lotuta egon dira.
Jatorriari dagokionez, bisitari kopururik handiena Madrildik etorri zen. Era berean, Durangok Frantziako, Alemaniako, Kataluniako eta Erresuma Batuko bisitariak jaso ditu. Bisitariek gehien eskatutako zerbitzuak Kurutzesantu Museoarekin eta Kurutziagako Gurutzearekin lotuta egon dira. Horrez gainera, ibilbide naturalei buruzko informazio-eskariak eta tokiko eskaintza gastronomikoak gero eta interes handiagoa sortzen dutela igarri dute Turismo Bulegoan. Uda honetako bisitari gehienak 40 eta 65 urte bitartekoak izan dira.
Udako azken bisita gidatuak
Udako denboraldia amaitzeko, Turismo Bulegoak udako azken bisita gidatuak antolatu ditu. Asteburuan egingo dituzte, irailaren 21ean eta 22an.
Irailak 21, zapatua: Heriotzaren kultura
- Ordutegiak: 10:30 gaztelaniaz eta 12:30 euskaraz.
Deskribapena: Bisita honek heriotzarekin lotutako euskal tradizioetan barrena
ibilbidea eskaintzen du, Tabirako San Pedro eliza eta Durangoko hilerria barne.
Irailak 22, domeka: Durango zuri-beltzean
- Ordutegiak: 10:30 euskaraz eta 12:30 gaztelaniaz.
- Deskribapena: Bisita honen bidez Durangok denboran zehar izan dituen aldaketak aztertuko dira. Estereoskopioen laguntzarekin, parte-hartzaileek herriaren iragana eta oraina alderatu ahal izango dituzte, eraldaketa horien jatorria ulertutuz.
Bisita gidatuak doakoak dira eta interesa duten guztientzat daude zabalik. Izena emateko, Turismo Bulegora joan, 94 603 39 38 telefonora deitu edo turismo@durango.eus helbidera idatzi daiteke.