Conchita Astola hil da, Gerediaga Elkartearen lehenengo urteetan elkarteko presidentea izan zena. Gerediaga Elkarteak gogoratu duenez, elkartea Durango Merinaldeko Adizkideen Gerediaga Elkartea izenarekin jaio zen, 1965eko ekainaren 7an. Elkartea Bizkaian erregistratu eta presidente karguan Maria Concepción Astola durangarra jartzea erabaki zuten. Astola urtebetean izan zan elkarteko buru, 1965-1966 aldian. Bere aitita Astolako auzitegi etxeko azken teniente korrejidorea izan zen.
"Hasierako urtean, lan asko zegoen egiteko, bazkideak egitetik hasita. Denbora gutxian, 1000tik gora lortu zituzten. Merinaldeak zituen herri eta urietako ordezkaritzak ere sortu zituzten. Lehenengo urtean, entzute handiko ekimenak nabarmendu ziren: arte modernoari buruzko erakusketa edota Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka", gogoratu du Gerediaga Elkarteak.
Conchita Astola Gerediaga Elkartearen 50. urteurreneko ospakizunetan egon zen azkenengoz elkarteko kideekin, bere ahizpa Txarinesekin batera. Astolako auzitegi-etxearen aurrean egin zen Topa Gerediaga ekitaldian parte hartu zuen.
Astola 95 urterekin hil da. Hileta elizkizuna bihar izango da, irailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Durangoko Uribarriko Andra Mari basilikan. Gerediaga Elkarteak hasierako urteetan egindako lana eskertu dio Astolari. Era berean, dolumina eta besarkada helarazi diote familiari.