Durangoko gazteek sexu aholkularitza zerbitzua izango dute eskuragarri

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 19a, 12:44

Durangoko Udalak zerbitzu berri bat estreinatuko du irailaren 24an: gazteei begirako sexu aholkularitza zerbitzua. Zerbitzua abenduaren 17ra bitarte eskainiko dute martitzenero-martitzenero Gaztegunean. Bestalde, Instagram eta whatsapp bidez ere eskainiko dute arreta. 

Zerbitzuak helburu nagusi bi izango ditu: gazteen artean sexu-harreman osasungarriak sustatzea eta jokabide arriskutsuak prebenitzea. Eta hori lantze aldera, honako tresna hauek eskainiko dituzte: sexu-identitatea, sexu-orientazioa, genero-gatazkak eta hartu emanak modu osasuntsuan lantzeko informazioa, sexualitatearekiko tabuak deseraikitzeko baliabideak eta tratu onean zein errespetuan oinarrituriko hartu emanak sustatzeko baliabideak. Horrekin guztiarekin, Durangoko Udalak herriko gazteek eta euren familiek orientazio zerbitzua ipintzeko egindako eskariei erantzungo die. Izan ere, udalak dioenez, sexualitateari buruzko "informazio egokirik eza, presio soziala eta eduki desegokiekiko esposizio goiztiarra" ohiko erronka bihurtu dira gaur egun. Aholkularitza zerbitzua irailaren 24tik abenduaren 17ra egongo da eskuragarri martitzenero-martitzenero Gaztegunean, 16:00etatik 17:00etara. Zerbitzua eskatzeko hitzordua eskatu beharko da honako bide hauetan: 644 89 86 61 telefonoa (deiak edo WhatsApp) eta @sexorienta Instagram kontua. Zalantzaren bat izanez gero, gazteria@durango.eus helbidera idaztera gonbidatu du udalak.

Jesica Ruiz alkateordeak, sexu-aholkularitzako zerbitzu berri honen garrantzia azpimarratu du: "Gure helburua gune seguru eta irisgarri bat sortzea da, gazteek beren zalantzak adierazteko, orientazioa jasotzeko eta sexualitatea bezalako funtsezko gai batean lagunduak sentitzeko aukera izan dezaten". Ruizek gaineratu duenez, proiektu honek zuzenean erantzuten die gazteek 2024ko Gazte Foroan adierazitako beharrizanei. Era berean, sexualitatearekiko estigmak apurtzera eta sexualitate kontziente eta errespetuzkoa sustatzera deitu du.

Udalak argitu duenez, honako hau proiektu pilotu bat da, baina etorkizunera begira berau sendotzeko aukera dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!