Durango Neskak Rugby Txapelketak bosgarren aldia egingo du zapatuan

Anboto 2024ko ira. 17a, 19:47

DRTko jokalariak, txapelketako antolatzaileak eta Durangoko Udaleko ordezkariak gaur arratsaldean DRTren egoitza aurrean egindako aurkezpenean.

Sei talde parte hartuko dute, tartean DRTk. Emakumeen errugbia sustatzea da ekimenaren helburua.

Zapatuan sei talde lehiatuko dira Arripausuetan txapel morearen bila. Garaikur horixe banatzen du aurten bosgarren aldia egiten duen Durango Neskak Rugby Txapelketak. Talde bat etxekoa da, Durango Rugby Taldea. Beste lau kanpotik datoz: Universitario Bilbao Rugby, Santanderko Grupo Gof Rugby Unión Norte, Gasteizko Gaztedi Rugby Taldea eta Sarako Izarrak. Seigarren taldea, Neskarians izenekoa, talde guztietako jokalariek osatuko dute. "Errugbiaren baloreak bizirik mantentzea da talde honen helburua", azaldu du DRTko Aratz Gallastegik gaur arratsaldeko prentsaurrekoan.

Denek denen aurka jokatuko dute liga formatuan, 14:30ean hasita. Hamabost minutuko partidu laburrak izango dira. Finala 19:00-19:30 artean hasiko da. Amaieran, errugbian ohikoa den moduan, Hirugarren Denboraren bueltan batuko dira parte hartzaileak. 

"Liga hasi aurretik horrelako txapelketa bat egitea aberasgarria da, gazteek errugbia ikusi dezaten eta taldera batzera animatu daitezen", adierazi du Ane Martinezek, DRTko emakumeen taldeko jokalariak. 

Ekimenak La Salve garagardoaren eta Durangoko Udalaren laguntza du. "Durangoko Udalarentzat lehentasunezkoa da kirola sustatzea bere modalitate guztietan eta baita emakumeen kirola bultzatzea ere", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!