Vanessa Goikoetxea sopranoak botako du Durangoko jaietako txapligua

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 17a, 14:15

Txupin txikia San Antonio ikastetxeko ikasleek jaurtiko dute. Jaiak iragarriko dituen kartela Giro alaiak izango da da, Maite Robles berriztarrarena.

Durangoko Udalak eta jai batzordeak sanfaustoetako xehetasunak argitzeari ekin diote apurka-apurka. Jaietako txapligu nagusia, San Fausto egunaren bezperakoa, Vanessa Goikoetxea soprano durangarrak botako du. Artistak "oso pozik eta harro" jaso du pregoia irakurtzeko eta txapligo nagusia botatzeko ardura. Goikoetxeak ezin izan du gaur Durangoko udaletxean egin den agerraldira gerturatu, momentu honetan Ameriketako Estatu Batuetako Boston hirian dago-eta Mozarten opera bat interpretatzen. Baina bideo baten bidez agurtu ditu herrikideak. Urriaren erdialdean txupina botatzen eta herriko jaiez gozatzen egongo dela aurretu du sopranoak.

Umeen egunean, Durangoko ikastetxe bat arduratu ohi da urtero-urtero txapligua botatzeaz. Aurten, San Antonio ikastetxeko ikasleek izango dute herriko ume guztien izenean suziria botatzeko ardura. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako Norak eta Ismenek jakinarazi dutenez, "oso pozik" daude "eskola ordezkatzeaz". Jaietan "ondo pasatzeko deia" egingo diete herritarrei. Ikastetxeko zuzendari Oier Urigoitiak "aukera izugarri polita" dela adierazi du. "Polita da urterik urte umeei gero eta garrantzia gehiago ematen zaiela ikustea", esan du. Bestalde, jaietan "telefono mugikorra albo batera uztera eta jaiek eskaintzen duten aurrez aurrekoaz gozatzera" deitu du Urigoitiak. Era berean, jaiak euskaraz gozatzeko gonbitea egin du. 

San Antonio ikastetxeko ikasleak Oier Urigoitia zuzendariagaz.

"Giro alaiak"

Durangoko jaietako kartel lehiaketara 49 diseinu aurkeztu ziren. Eta gaur, oraintsu egin den herri bozketa amaituta, irabazlea zein den argitu dute. Kartelaren izena Giro alaiak da eta Maite Robles berriztarrak egin du. Roblesek 22 urte ditu eta batxilergo artistikoa ikasi du Durangon. Momentu honetan goi-mailako diseinu grafikoa dabil ikasten. "Kartelean jaietako eszena bat fikzionatu gura izan dut, Durangoko tradizioak islatuta. Herriari begirako keinu ugari daude, eszena alai batean batuta", azadu du Roblesek. 

Durangoko udal arduradunek iragarri dutenez, datozen asteetan jaietako egitarau osoa aurkeztuko dute. 

Maite Robles berriztarraren kartelak iragarriko ditu Durangoko jaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!