Sortzaileek Durangoko Azokako egitaraua osatzeko proposamenak egin ditzakete gaurtik aurrera

Anboto 2024ko ira. 16a, 09:38

Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako arduradunek hasi dituzte 59. Durangoko Azokarako prestaketa lanak. Abenduaren 5etik 8ra bitartean ekintzaz josirik egongo dira espazio horiek, eta irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean, egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte sortzaile, argitaletxe eta disketxeek.

Horretarako, durangokoazoka.eus webgunean egin beharko dute ekarpena. Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko prozesua moldatu egingo da aurten. Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango, eta epearen barruan aurkezten diren eskari guztiak baloratuko dituzte arduradunek. 

Aurten, ostera ere, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan ere antolatuko dira ekintza azoka egunetan. 

Ikastxeen txanda

Abenduaren 5ean Ikasle Goiza izango da. Gaurtik hasita, bertaratu gura duten ikastetxeek izena emateko aukera dute Durangoko Azokaren webgunean. Azoka bisitatzeaz aparte, ikasleek eta irakasleek tailerretan parte hartu ahal izango dute. Horrez gainera, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzeko erronka da hau; azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!