Tabirako Baqueko gizonen talde nagusiarentzat amaitu da aurredenboraldia. Zapatuan, 19:00etan, Hirugarren FEB mailako taldeen Euskal Kopa hasiko du Landako kiroldegian. Lehen jardunaldi horretan Bilbao Basket taldea izango du aurkari. Bigarren jardunaldia hurrengo asteburuan izango da. Kasu horretan etxetik kanpora jokatuko du, Arrasateko Iturripe kiroldegian hain zuzen, Ointxe saskibaloi taldearen kontra.
Gizonen taldeak iazko blokeari eusten dio. Iker Errasti pibota da aurpegi berri bakarra, Basauri taldetik datorrena.
Emakumeen talde nagusian ere beste hainbeste gertatzen da eta ia osorik iazko taldeari eusten diote. Hauek ere Euskal Kopagaz eta etxean hasiko dute denboraldia. Irailaren 21ean IZ4 Hondarribia izango dute aurkari Landako Kiroldegian.