Durango barruan egiten diren batetik besterako joan-etorriek jasangarritasunerako joera erakusten dute. Ondorio hori atera daiteke, behintzat, gaur udalak emandako datuak eskutan. 2003an, herri barruko joan-etorrien %46 autoz egiten zen, %53 oinez eta %0,7 bizikletaz. Orain, hogei urte geroago, argazkia bestelakoa da: autoz egiten diren joan-etorriak %20 dira, oinez egiten direnak %70, eta bizikleta bidezkoak %7,4 (azken datu hauek 2022koak dira). Mireia Elkoroiribe alkateak norabide horretan segitzeko asmoa agertu du, "kutsadura gutxituta, jasangarritasuna areagotuta eta bizitzeko leku osasungarriago bat sortuta". Datuak "pozgarriak" direla esan du, eta "kontzientzia hartuta, aldaketa errealak" gauzatu daitezkeela iritzi dio.
Hori guztia dela eta, udalak, 2004tik hona urtero-urtero egin duen eran, bat egin du Europako Mugikortasunaren Asteagaz. Irailaren 16tik 22ra egingo da, eta Espazio Publiko Partekatua izango du goiburu. Udal ordezkariek egitasmoan zehar antolatu diren ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: "Europako Mugikortasun Asteak eredu jasangarri eta arduratsu bat lantzeko aukera eskaintzen digu. Gure mugikortasunaz hausnartu dezakegu, eta batetik bestera mugitzeko bestelako modu jasangarriagoak esploratu ditzakegu", adierazi du Sara Oceja zinegotzi jeltzaleak. Mireia Elkoroiribe alkateak "ekintzetan parte hartzera eta hausnartzera" deitu ditu herritarrak. "Mugikortasun iraunkorra lortzea denon borroka da. Denon ekarpena barik, zaila izango da aurrera egitea. Gure egunerokotasunean aldaketak eginda, ahal dugunean autoa utzita eta oinez zein bizikletaz mugituta ekin diezaiokegu bideari", adierazi du.
EGITARAUA (Europako Mugikortasunaren Astea)
Irailaren 16tik 20ra: Aurretiko jarduerak
Proiekzioak Zugaza zineman:
- Mugikortasun seguruari buruzko kontzientziazio-bideoak
- Klima aldaketari buruzko "Blue" dokumentalaren proiekzioa: Irailaren 19an, osteguna, 18:00etan.
Kontzientziazio kanpaina: "Don´t be Dummy", irailaren 17an. Batxilergoko ikasleentzako jarduera San Agustin Kultur Gunean.
Etxez etxeko informazio-triptikoen banaketa: Irailaren 13tik 16ra, mugikortasun seguru eta iraunkorrari buruzkoa.
Irailak 21, zapatua: jarduerak Zumalakarregi eta Joxe Migel Barandiaran kaleetan
Zumalakarregin:
- Mountain Bike eta Skate zirkuitua
- 11:00 Bizikleten mantentze lanei buruzko tailerra (Adingabeentzat).
- 12:00 Bizikleten mantentze lanei buruzko tailerra (Helduentzat).
- 13:oo Durangoko Bizikleta sarea ezagutzeko bizikleta irteera.
Joxe Migel Barandiaranen:
- Bizikletak margotzeko tailerra
- Eskulanak.
- Talogintza tailerra.
- Zurezko jolasak.
- Xakea.
3x3 saskibaloi txapelketa Tabirako klubarekin elkarlanean. (Kokapena: Zumalakarregi kalea. Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara).