Herriaren Eskubideak jakinarazi duenez, Durangoko udal zerbitzu bik "irisgarritasun ziurtagiria galdu" dute. Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Udal Euskaltegia dira horiek. Kontuan hartu behar da zerbitzu biek kokaleku berria dutela ikasturte honetan. Lehenengoak Maristak ikastetxearen ondoko eraikinean ekin dio ikasturte berriari, lehen Udal Euskaltegia zegoen lekuan bertan. (Izan ere, Montevideo kaleko eraikinean, Musika Eskolaren betiko kokalekuan, teilatua konpontzeko lanak egingo dituzte). Beste eraikina Udal Euskaltegiaren kokapen berria da, Muruetatorre dorretxea. Bada talde independentearen arabera, zerbitzu biek herritar guztiei begirako mugikortasun baldintzak betetzen zituzten orain arte, "gobernu-taldeak beste eraikin batzuetara eraman dituen arte".
Musika eskolaren kasuan, Herriaren Eskubidea "bereziki kezkatuta" agertu da "klase batzuk igogailuz iritsi ezin den ikasgeletan ematen ari direlako eta, beraz, mugikortasun arazoak dituzten irakasleek eta ikasleek ezin izango luketelako bertaratu". Talde independenteak azpimarratu duenez, "zerbitzu publiko guztiek bermatu behar dute irisgarritasuna" eta gaineratu dute "EAJk eta PSE-EEk askotan ez dituztela eskubide horiek errespetatzen".