Garai bateko La Exquisita gozotegiaren gaineko etxe batean jaio zen, baina Ezkurdi parkearen ondoko etxebizitza batean igaro zuen haurtzaroa. Bartzelona du bizileku, han bizi da-eta hamazazpi urtegaz arkitektura ikastera joan zenetik. Edozelan ere, ez ditu bere zuztarrak inondik inora galdu. Bere sorterriari buruz berba egitean, maitasun berbak baino ez ditu. Ahal duen aldiro bueltatzen da Durangora, eta ez du sorterrian ikerketa arkeologiko bat lantzea baztertzen.
Eta hara non, durangar bat Tarragonako Unibertsitatean arkeologia irakasle.
Istorio luzea da. 1976an, 17 urte nituela, arkitektura ikasteko erabakia hartu nuen. Donostiako arkitektura fakultatea oraindino sortu barik zegoenez, Madril, Valladolid eta Bartzelona nituen aukeran, eta azken horretara joatea erabaki nuen. Horri eskerrak, Mediterraneoa ezagutu nuen, eta hiriak Italiara bidaiatzeko aukera ere eskaini zidan. Horri guzti horri gehitu behar zaio Durangon bizi nintzenean sarritan joaten nintzela mendira, Urkiola aldera, espeleologia egitera. Eta Bartzelonara lekualdatu nintzenean, hango espeleologia talde bategaz hasi nintzen hartu-emanetan. Talde honi eskerrak, arkeologoak ezagutu nituen, indusketetan parte hartzen hasi nintzen, arkeologia ikastaro bat egin nuen Empúries hirian (Girona), eta Bartzelonako Diputazioarentzat hasi nintzen beharrean. Erroman eta Berlinen lanean ibili eta gero, Tarragonako Unibertsitatetik deitu zidaten. 1993an bertan hasi nintzen lanean, irakasle. Esango nuke arkeologia irakasle titular baten postua betetzen duen arkitekto bakarra naizela. Gaur egun doktore naiz arkeologian.
Zelan sortu zitzaizun arkeologiarako grina?
Aitak txiki-txikitatik sorrarazi zidan arkeologiarako grina. Durangaldeko ermitak bisitatzera eramaten gintuen. Gogoratzen dut, besteak beste, Goiuriako ermitara eramaten gintuela eta hango leihoei buruzko gauzak kontatzen zizkigula, eta, bide batez, aztarna erromanikoak eta prerromanikoak azaltzen zizkigun. Etxean beti jaso dugu historiagazko zaletasuna eta horrek asko markatu nau. Gainera, arkitekturan matrikulatu nintzenean argi nuen historiari loturiko ikuspegia landu gura nuela. Ondare historikoagazko interesa izan nuen hasiera-hasieratik. Arkeologia ere bide horretatik etorri da, apurka-apurka bidea eginez. Tarragonako alkateak bultzatuta, hiriko aztarna erromatarrak zaharberritzeko lan egin nuen, Unescok hiriko ondare arkeologikoa aitortzeko helburuz. Zazpi urteko lan ederra izan zen. Bestalde, unibertsitateak aukera mordoa eskaintzen dit beste ikerketa orokorrago batzuk lantzeko.
Izan ere, Mediterraneoan bakarrik ez, mundu zabaleko beste hainbat leku ere ikertu duzu.
Azken hamar urteotan Cuscon (Peru) ibili gara hango unibertsitate bategaz elkarlanean. Cuscok inken garaian zeukan urbanismoa zelakoa zen erakusten duen errekreazio birtuala sortzen ibili gara. Amerikan, arkeologia lanak beti egon dira antropologiagaz, kultur azterketagaz eta hartu-eman sozialekin lotuta. Europan, ostera, ikuspegia beste era batekoa izan da. Arkeologia eta arkitektura eskutik helduta joan dira errenazimendutik hona. Beraz, 2010ean Cuscora joateko lehenengo gonbitea egin zidatenean, egundoko hiria topatu nuen. Hango kaleak garai bateko inken egituretan daude oinarrituta. Egitura inka horien gainean garai kolonialeko eraikinak daude, eta horien gainean, azkenik, errepublika garaiko eraikin historikoak. Hori guzti hori Europako arkeologia ikuspegitik aztertu barik egon da, eta horretan ibili gara hamar urte hauetan. Oso aberasgarria izan da. Handik hona bueltatzerakoan, goitik behera aldatzen zaizu ikuspegia.
Zer zentzutan aldatu zaizu ikuspegia?
Hemen oso kultura eurozentrista batean hazi gara. Badirudi Europa dela dagoenik eta gauzarik ederrena, onena, eta iruditzen zait, batzuetan, beharbada ignorantziagaitik, ezezagun egin ditugula iraganeko hainbat atal argitzen duten errealitate kultural eta historikoak. Amerikaren eta Mediterraneoaren arteko joan-etorri hau oso estimulagarria izan da. Europako azalpen guztiak era linealean kontatzen dira: greziarrak lehenengo, erromatarrak gero, kristautasuna segidan, Europako erresumak ondoren. Eta, horrez gainera, XIX. mendean eraikitako nagusitasunaren ideia dago, konkista inperialak justifikatzea ahalbidetzen duena. Horrenbestez, ikasitako horrek bide bat ematen dizu barneratu izan duguna deseraikitzeko.
Posible da herri edo hiri baten izaera eta nortasuna bere arkitekturaren eta arkeologiaren bitartez ezagutzea?
Jakina. Durango, adibidez, horren erakusgarri garbia da. Erdi Aroko zatiak, Andra Maritik Santa Anara doanak eta garai bateko errebalek hori erakusten dute. Egia esan, azken 40 urteetan gauza asko galdu da, dena ez da positiboa, baina galera horrek, paradoxikoki, memoria historikoagazko grina sustatzen lagundu du. Zerbait berria da hori. Durangotik paseatzen dudan aldiro poza sentitzen dut, herriko hainbat eremu babesten eta hobetzen direla ikusita. Kurutzesantu ermita eta Kurutziagako gurutzea bisitatzea plazer hutsa da. Tabirako San Pedro elizara joatea ere ezin ederragoa da. Kaleak asko aldatu diren arren, via crucis edo gurutze bideak hor jarraitzen du, garai bateko aztarnek hor jarraitzen dute. Azken finean, oroimenean eta bizipenetan iltzatuta ditugun lekuak ebidentzia arkeologikoek lagundutako narratiba historiko bategaz janzten baditugu, kohesio soziala eta memoria kolektiboa lantzen ibiliko gara. Gaur egun egonleku ditugun tokiek iragan bat izan zutela jabetzeak gu geu prozesu historiko oso baten emaitza garela ikusarazten digu.
Zein da Durangon gustukoen duzun lekua?
Tabira. Eliza ondoko berdegunean dauden perretxiko itxurako harri horietara joaten zaizkit oroitzapenak. Leku horrek nerabezaroa ekartzen dit gogora. Baten batek esan zuen bost urte egiten ditugunetik aurrera ezer ere ez dela gehiago aldatzen gure barruan. Ez dakit horrela den ala ez, baina, edozelan ere, nongoa naizen galdetzen didatenean Durangokoa naizela esaten dut, beti. Eta hori Bartzelonan Durangon baino denbora dezente gehiago bizitzen daramadan arren. Kuriosoa da. Iruditzen zait hau guzti hau oraindino iraganeko aztarnak mantentzen dituzten lekuei lotuta dagoela, modu batera edo bestera, zure iraganera bueltatzea posible egiten duten eremuetara. Azken finean, sentipen positiboak dira, garai bateko esperientziak berriro ere bizitzearen pareko zerbait eragiten dizute oroimenean.
Tarragona, Cusco, Erroma, Berlin... arkeologia lanak sorterrian egitea baino ez zaizu falta.
Bai. Bizi osoa daramat arkitektura historikoa eta arkeologia historikoa lantzen, eta Durangon ikerketa bat egiteko arantza hori dut barruan. Durangon badago apartekoa eta bikaina den eraikin edo elementu bat, sarritan jendeak behar den moduan baloratzen ez duena. Andra Mariko elizpea da hori. Bere kronologian kokatuta, elizpearen egitura Europa osoko handiena da. Egitura garai hartako itsas-arotzeriaren emaitza dela esango nuke. Zurezko habeek itsasontzien hezurdura iraulietan inspiratuta dirudite. Izugarri gustatuko litzaidake nire bizitzaren denbora zati bat Andra Mariko elizpea aztertzeari eskaintzea. Ea datozen urteetan zerbait egiteko aukerarik dudan. Aparteko obra da, izugarria. Europako eraikuntza liburuetan, Andra Mariko elizpea armadura handiko habeen erakusgarri modura azaltzen da. Ikuspegi pedagogiko batetik, Durango oso adibide interesgarria da gure kulturaren oinarrietan dagoen Erdi Aroa azaltzeko. Durangar modura, oso estimulagarria litzateke niretzat.
Arkeologo durangarra, ikasleekin, Erromako Spada Jauregian. R.M.
Ricardo Mar, eskuman, Cuscon egindako ikerketako lantaldeagaz (Peru). R.M.