Durangoko udal brigada hainbat lan egiten dabil Ezkurdi parkearen ondoko lur-eremuan, aurten ere, herriko jaietan barrakak bertan egon daitezen. Orain arte estolderia lanak egiten ibili dira, jai eremuan ipiniko diren komunek behar bezala funtzionatuko dutela ziurtatzeko. Hemendik aurrera, eremuaren egonkortasunari emango diote lehentasuna. Gainera, asfaltozko bidexkak egingo dituzte barraken eremua durangar guztientzako irisgarria izan dadin. Lan hauen guztien aurrekontua 39.680 eurokoa da. Aurreikuspenen arabera, lanak irailaren amaieran bukatuko dituzte.