Asteburuan hasi dute zesta punta eskolen 39. San Fausto txapelketa. Emakumeetan eta gizonetan ari dira jokatzen. Aurtengo aldiak nobedade bat du: gazteen maila berreskuratu dute. Horrela, etorkizuneko harribitxiak ikusten aukera dago Ezkurdi Jai Alain.
Joan zen asteburuko lehen jardunaldian Gernikak, Zumaiak eta Berriatuak egin zuten aurrera, Gasteiz, Cabanillo eta Tolosako kluben aurka. Kasu denetan irabazleek ez zuten set bakar bat galdu.
Jardunaldiak
Txapelketa zapaturo eta domekero jokatuko dira, 18:00etan. Irailaren 22koa kenduta. Egun horretako partiduak 10:30ean hasiko dira. Txapelketa kanporaketa formatuan jokatuko da.
Parte hartuko duten 17 kirol elkarte gehienak Euskal Herrikoak dira, baina Bartzelonatik ere etorriko dira. Mexiko DF-ko Tania pilotaria ere ariko da emakumeetan.
Ia lau hamarkadako historia
Txapelketa 1984an hasi zen zesta eskolen arteko lehiaketa bezala, eta horrela jarraitzen du 41 urteren ostean. Urte bian bakarrik egin du huts: 2020an, pandemiagaitik, eta 2022an, frontoiko berrikuntza lanengatik.
Lehenengo edizioa Castaños anai durangarrek irabazi zuten. Hurrengo urteetan ibilbide profesional arrakastatsua izan zuten AEBko frontoietan, eta Juanpe Castaños aurrelariak munduko zesta punta txapelketa birritan irabazi zuen Elizegi durangarrarekin batera.
Palmares historikoan, Gasteiz eta Markina ageri dira sarituen bezala. Durangok bi garaipen eta azpitxapelketa bat ditu.