Izan duzu oporrik udan?
Udan jaialdien bira egiten ibili gara. Aurrekoan, Aitanaren kontzertu propioak ziren. Niri gehiago gustatzen zaizkit jaialdiak, bertan beste artista batzuk ikusteko aukera ere baduzulako, baina gogorra izan da. Martxoan hasi genuen bira, eta abuztuan amaitu dugu, eta, besteak beste, Mexikon izan gara, birritan; euretariko aldi batean egun gutxi batzuetarako. Hori ere bada gure lana, eta, ikusten ez bada ere, egin egin behar da.
Parte hartu duzun proiekturik handiena da hau?
Bai, eta bakarra ere bai! Aurretik dantzari legez lanik egin bakoa nintzen, eta aukera hau sortu zenean baiezkoa eman nuen, dudarik barik! Berez, ez nekien zer suposatuko zuen ere, ez nuelako inoiz horrelako proiektu batean lan egin, baina asko ikasi dut, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere. Diziplina handia behar duzu, eta lan asko egin behar dudan arren, oso gustura nago.
Lan handia egiten dugu. Urrian, Bernabeuko kontzertuak prestatzeko lanetan hasiko gara. Hiru hilabete ditugu aurretik, egunero zortzi orduz entseatzen, eta gero zuk zure aldetik ere entrenatu behar duzu; sasoian egoteko, astean hiru bider entrenatzaile bategaz lan egiten dut. Orokorrean, zeure burua zaindu behar duzu, mentalki ere ondo egon behar duzu, lan exijentea delako. Behin baino gehiagotan esan izan dut eliteko kirolarien modukoak garela, baina ez dugula haiek beste kobratzen.
Ikastera ala dantza munduan lan egitera joan zinen Madrilera?
Unibertsitateko ikasketak Bilbon hasi nituen; gero, beka bat lortzeko aukera suertatu zitzaidan, eta Chilera edo Madrilera joan erabaki behar izan nuen. Madrilera joatea erabaki nuen, han dantzatik bizitzeko ahalegina egiteko. Hara joan eta ez naiz bueltatu (barrez). Osasun izurriak Madrilen harrapatu ninduen. Duda izan nuen garai hartan, han geratu edo Durangora bueltatu eta ikasketak amaitu. Eta, azkenean, han geratezko apustua egitea erabaki nuen, eta ahalegina egin behintzat. Horri eskerrak nago nagoen lekuan. Gero, urrutiko hezkuntzarako unibertsitatean eman nuen izena.
Zelakoa da Aitanaren lantaldean lan egitea?
Hau dena oso handia da. Pentsa, Latinoamerikara 30-35 laguneko lantaldea goaz. Eta hemen gaudenean bikoiztu egiten da kopuru hori. Eta hori, ikusten dena baino ez da; atzean beste horrenbeste lagun egon daitezke lanean. Dena dela, familia handi baten modukoa gara, eta hori eskertzekoa da lanean. Oso hartu-eman ona dut, baita Aitanagaz, bai beste lankideekin.
Gogotsu zaude abenduko kontzertuetarako?
Orain oporrak baino ez ditut buruan. Bira amaitu eta gero, astebete hartu nuen deskonektatzeko, eta gero ikasten hasi nintzen. Orain Japoniara noa oporretan, eta handik bueltan izango ditut kontzertuak buruan. Urrian hasiko ditugu prestaketa lanak.
Bideoklipetan ere parte hartu duzu. Zer duzu gurago, horrelakoak egitea ala zuzenean aritzea?
Eszenatokia gehiago gustatzen zaidala esango nuke. Ikusten ez den lan hori ere asko gustatzen zait, baina emaitza agertokian erakusteak ez du parekorik. Aitanaren zaleak asko ematekoak dira, eta oso hurbilekoak. Egia esateko, nire lanetik dena gustatzen zait, eta horregaitik egiten dut; ostantzean ez nuke egingo. Zeozer gustuko ez baduzu, ez zara arriskatzen horrelako jauzi bat egitera.
Madrilen urte luzez jarraitzea aurreikusten duzu?
Aitanaren proiektua ez da amaitu oraindino, eta, beraz, Madrilen jarraituko dut. Kanpora joateko aukera banu, Londresera edo Parisera, adibidez, joango nintzela esango nuke, baina AEBetara ez; urrutiegi da niretzat.
Noiz konturatu zara amesten zenuen horretan zabiltzala lanean?
Apurka egin dudan gauza bat da. Nire buruan aldatzen joan dira lehentasunak. Ez da erraza; Durangora bueltatzen naizenean, lagunak ikusten ditut, euren ikasketak orain bi-hiru urte amaitu dituztenak eta lanean dabiltzanak. Oso harro nago lortu dudanagaz. Dantza nire hobbya zen, zaletasun bat, L´Atelierren egiten nuen dantzan, eta asteburu batzuetan Madrilera ere joaten nintzen dantza egitera. Baina orain nire ogibidea da, eta lehentasun bat, beraz. Jendeak ez daki zenbat lan egiten dugun. Dantza oso exijentea da.
Laura Gogeaskoetxea ezkerrean, behean, Aitanaren kontzertuan.