Zornotza STko etapa amaitu izanak baino gehiago, berau gertatu den moduak mindu zaitu gehien?
Bai, zalantzarik barik. Hamalau urteko hartu-emana amaitzeko beste modu bat espero nuen. Argi dago zikloak amaitu egiten direna; hori onartzen dut eta ados nengoen. Eta esango nuke alde bientzat osasuntsua zela gure bideak banatzea. Baina elkarregaz egindako lanak beste agur bat merezi zuela deritzot. Baina, tira, aurrera egin beharra dago. Lagun asko dut Zornotzan, onena opa diet eta ea denboraldi polit bat egiten duten.
Melillan hasi duzun abentura inflexio-puntu bat ere bada zuretzat: hobbya zena ogibide bihurtu gura duzu.
Bai, horrela da. Urteetan egon naiz horretan pentsatzen. Emazteak esaten zidan gauzak ondo egiten nenbilela, eta merezi zuela probatzea. Bere bultzadagaz eta Zornotzako etapa amaituta, momentua heldu zela iritzi nion. Ordezkari bat topatu eta merkatuan sartu nintzen, talde bila. Egoera berria zen niretzat, aurretik bizi bakoa. Zorionez, aukera batzuk sortu ziren, eta, azkenean, Melillaren aldeko apustua egin nuen.
Gertuagoko aukerak izango zenituen, hainbaten. Zergaitik Melillaren aldeko apustua?
Bai, gertuagoko proposamenak ere izan nituen, baina niretzat urrats garrantzitsua zen eta alderdi asko aztertu nuen. Melillakoa oso proiektu inportantea da; Urrezko Ligako egitura du. Iaz maila horretatik jaitsi ziren eta aurten helburu argia dute: mailaz igotzea. Klubaren profesionaltasun maila ere aipatzekoa da. Talde gutxik dute Melillak duen antolakuntza, eta oraindino gutxiago Zilarrezko Leb Mailan. Proiektuak eta profesionaltasunak kokalekuak baino pisu gehiago izan dute nire erabakian. Gainera, Melillako zuzendari teknikoa ezagutzen nuen, eta interes handia ipini zuen nigan.
Zertan igartzen da egitura sendo hori?
Dirua du, jende asko dago klubaren inguruan lanean, entrenatzailearen lana entrenatzea baino ez da, jokalariak beste babes-marko eta egoera ekonomiko batean daude… Zilarrezko Mailan 28 talde daude eta seguru nago gu sei boteretsuenen barruan gaudena. Beste datu bat, klubaren dimentsioa ulertzeko: orain zortzi urte, ACBrako igoera lortu zuen. Gero, gatx da diru nahikoa batzea, eta bulegoko kontuengaitik ez zuen igoera baliatu, baina kantxan eskubidea irabazi zuen.
Gainera, irakurri dudanez, aurten hiriko saskibaloi klub biak batean batu dira.
Bai. Ni nabilen taldea jaitsi aurretik, Zilarrezko Ligan bazegoen jada Melillako beste talde bat, CD Enrique Soler izenekoa. Azkenean, klub biak bakar batean batu dira. Ondorioz, egitura handiagoa du orain. Iaztik jokalari bik jarraitzen dute, biak Enrique Soler taldean zebiltzanak. Gainerako denak berriak dira.
Abuztu erditik Melillan zaude. Zelakoa da hango bizimodua?
Desberdina. Melilla oso hiri polita da, kostan dago eta hondartza du. Udan bero eta hezetasun handia dago, baina gainerako urte osoan oso eguraldi ona egiten du. Hiritarrak oso atseginak dira, oso ondo tratatzen zaituzte. Andaluziarren antzerako izaera dutela esango nuke, oso alaia. Harrera zoragarria egin didate eta esker oneko nago.
Bestalde, Melilla Marokotik banatzen duen hesiak mugatu egiten du hiria. Kostaldetik pasealdi bat ematera irten eta, bat-batean, hesia aurrean. Hasieran harritu egiten zaitu. Hemen gertaturikoak gogoratuta inpaktua eragiten dizu.
Saskibaloia pasioz bizi duten kirola da?
Egia esan, azken urteetan asko jaitsi da. Urte askoan borrokatu dira ACBrako igoera lortzeko, eta gauzatu ezin izan zuten denboraldi hartan zale asko galdu zuten. Jendea apur bat desilusionatu egin zen. Beste faktore bat ere badago. Zoratzekoa da Melillak areto futbolean, saskibaloian zein boleiboleko maila gorenetan duen klub kopurua, gizonetan nahiz emakumeetan. Nazioarteko triatloiak ere hartzen ditu. Kirolak sekulako indarra du hiri honetan. Beraz, 80.000 biztanleko hirian, emaitzak ilusionagarriak ez badira, herritarrek beste aukera asko dute. Guretzat garrantzitsua izango da liga ondo hastea, zaleak berreskuratzeko eta berriro konektatzeko.