Durangoko gobernu taldeak 2025eko Ordenantza Fiskala berritzeko planteamendua helarazi zion oposizioari, abuztuan. Orain, aste batzuk beranduago, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, euren iritzia kaleratu dute. Talde subiranistak Ondasun eta Higiezinen gaineko Zerga "neurrian eta era progresiboan" igotzea defendatu du, "EAJk planteaturiko %14ko igoera lineala" beharrean. "Gehien daukatenek gehiago ordaindu dezaten" gura dute subiranistek. Hori dela eta, komertzio txikien zerga %2,7 igotzea eta komertzio handiena, %4 igotzea proposatu dute. Industria arloan ere, maila bi proposatu dituzte. %3ko igoera 230.000 eurotik beherako balio katastrala duten enpresentzat eta %5,5ekoa kopuru horretatik gorako balioa dutenentzat. Bestalde, udalerriko etxebizitzen balio katastralak "errealitatera egokitu barik" jarraitzen duela dio EH Bilduk. Hori dela eta, balio katastralaren ikuspegitik, Muruetatorre eta Ibaizabal herriko auzorik garestienetako batzuk direla adierazi dute. Era berean, Galtzaretako eta San Rokeko "txalet-kaleetan", higiezinen balio katastralak %25 jaitsi dituztela azaldu dute.
Herriaren Eskubidearen berbetan, gobernu taldeak Higiezinen Zerga %14 igotzeko egindako proposamena "justifikaziorik gabea" da. Talde independentearen iritziz, "igoera handiak" egin dira industrian eta merkataritzan. Gainera, etxebizitza batzuek, datorren urtean "aurtengoa halako bi" ordainduko dutela iragarri dute. Etxebizitzen balio katastralari buruz ere egin dute kritika. Balioen Ponentziak "2016an egindako akats berak" dituela diote. Hau da, "San Roke edo Tabirako etxebizitza baten balio Galtzaretako baten bikoitza izango da. Edo etxebizitza batek, Abadiñoko mugaren ondoan, Andra Mariko elizpearen ondoan dagoen beste baten balio bera izango du", kritikatu dute. Herriaren Eskubideak bederatzi zuzenketa aurkeztu ditu gobernu taldeak proposaturiko "igoera bidegabearen aurka".
Azkenik, genero ikuspegia ordenantza fiskaletan islatzea eskatuko dute oposizioko alderdi nagusi biek. EH Bilduk emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak ordenantza fiskaletan zein eragin duen aztertu gura du. Herriaren Eskubideak %90erainoko hobariak proposatu ditu indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat, diru sarreraren arabera.