Bitxigintza, astronomia eta dekorazioa Durangoko kultur tailerren programan

Anboto 2024ko abu. 30a, 09:44

Durangoko Udalak irailaren 9an zabalduko du ikasturte berriko kultur tailerretan izena emateko epea. 

Aurtengo eskaintzan batu dituzten ikastaroen artean pintura, bitxigintza, etxeko dekorazioa eta sakelakoarekin argazkiak ateratzeko tailerra daude. 2025eko urtarrilean ikastaro berriak estreinatuko dituzte. Hala nola, sare sozialetan trebatzeko ikastaroa, arteterapia, elikadura, sendabelarrak, kosmetika naturala eta astronomia.

Ikasturte osoko iraupena duten tailerrek, pinturakoak kasu, 29 euroko kostua izango dute hilean. Hilabeteko iraupena duten tailerrek, berriz, zortzi eurokoa. Azken hauek urritik maiatzera egingo dira, martitzenetan, 18:00etatik 20:00etara. Guztira zortzi orduko iraupena izango dute. Jesica Ruiz alkateordeak azpimarratu duenez, "tailerrak aukera paregabea dira durangarrak hainbat diziplinatan prestatzeko, gure herrian kultura, artea eta sormena sustatzen diren bitartean. Gizarte gisa dugun nortasuna indartzen duten ikastaro hauetan parte hartzera animatzen ditut herritar guztiak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!