'The Platform'-en bigarrenak badu data

Aritz Maldonado 2024ko ira. 1a, 10:30

Milena Smit eta Hovik Keuchkerian. NETFLIX

Galder Gaztelu-Urrutia zuzendari abadiñarraren 'The Platform' pelikula arrakastatsuaren jarraipenak badu estreinurako data: urriak 4, barikua; Netflix plataformak estreinatuko du film berria, arrakasta errepikatzeko asmoagaz. 

Ia hiru urteko itxaronaldiaren ondoren, Galder Gaztelu-Urrutiaren The Platform film arrakastatsuaren bigarren zatia heltzear da. Hain zuzen ere, udan iragarri du Netflix streaming plataformak: urriaren 4an izango da. Lehenengo zatiagaz ez bezala, hasieratik estreinatuko dute, mundu osoan; hain zuzen ere, jatorrizko bertsioa ingelesez ez duen pelikularik ikusienetarikoa da abadiñarrarena: 80.000.000 ikustaldi baino gehiago batu ditu. Zinema jaialdietan proiektatu eta gero, izurriteagaz biral bilakatu zen Zorion Egileor, Ivan Massagué eta Alexandra Masangkay protagonista dituen lehenengo pelikula, eta hortik dator gaur egun sortu duen ikusmina.

Bigarren zati honetan Milena Smit (La chica de nieve), Hovik Keuchkeria (La casa de papel), Natalia Tena (Game of thrones) eta Oscar Jaenada (Luis Miguel: La serie, besteak beste) aktoreak dira protagonistak. Galder Gaztelu-Urrutia abadiñarra da zuzendaria berriro, eta Basque Films taldeko Raquel Pereak eta Carlos Juarezek ekoizpenean lagundu dute. Sekuela hau ere distopia modura proposatzen da eta kapitalismorik basatienaren adibide izan daitekeen espetxe bertikalean kokatzen da, aurrekoaren antza duena. Bertan, lider misteriotsu batek bere legea ezarriko du, baina maizter berria heltzeagaz batera elikatze sistemaren aurkako borroka piztuko da.

Sagardoyren estreinua
Bestalde, udan, Durangaldeko aktore batek parte hartu duen beste nazioarteko estreinaldi bat egon da plataformetan. Eneko Sagardoy aktore durangarrak parte hartu duen Those about to die telesaila estreinatu dute abuztuan; Sagardoy Robert Rodat zuzendariaren aginduetara egon da lan honetan, eta Anthony Hopkins eta Iwan Rheon nazioarteko aktoreekin batera lan egin du. Prime Video plataforman dago ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!