Izen berria Durangoko kale eta plaza banari

Anboto 2024ko uzt. 17a, 15:17

Durangoko Udalak parte hartze prozesu bat hasi du herriko kale eta plaza berri bi izendatzeko. Kale berria Komentukaletik Santasusanostera doana da. Plaza, Zirarmendieta, Bernardo Gabiola eta Faustebidea kaleen arteko eremuari dagokio.

Kale eta plaza berri horien izendapena parte hartze prozesu batekin gauzatuko dute. Egutegi bat ezarri dute horretarako. Honako hau: 

  1. Proposamenak jasotzea (uztailaren 17tik 29ra): Durangoko 16 urtetik gorako biztanleek www.partehartu.durango.eus webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proposamenekin batera PDF formatuko dokumentuak eta argazkiak aurkez daitezke, informazio gehiago emateko. Laguntza behar duten pertsonek HAZen bulegoetara joan ahal izango dute (Barrenkalea 17), eta udal-langileek bertan lagunduko diete.
  2. Proposamenak aztertu eta lehenestea: Udal sailak aztertu eta hautatuko ditu ezarritako irizpideak betetzen dituzten proposamenak. Proposamenak aurrera jarraitzen ez badu, proposamengileei jakinaraziko zaie, baldin eta posta elektronikoa eman badute.
  3. Herritarren bozketa (irailaren 9tik 15era) Hautatutako proposamenak udalaren webgunean argitaratuko dira uztailaren 30etik abuztuaren 2ra. Bozketa www.partehartu.durango.eus webgunean egingo da eta Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute.

Proposamenetarako baldintzak:

Bi izendapenetarako, proposamenek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte:

  • Izen propioak badira, ez dira delitu-aurrekariak dituzten pertsonenak izan behar.
  • Objektu zehaztugabeei buruzko aipamenek euskaraz egon behar dute.
  • Ez da zenbakirik onartzen (adibidez, "2024ko kalea").
  • Izenak udalerriaren ondasuna bilatu behar du, eta ez interes partikularrik.
  • Izenaren luzerak ez ditu 30 karaktere baino gehiago izan behar.
  • Izenak ez du difamatzailea edo iraingarria izan behar.
  • Proposamenak 1.500 karaktere arteko azalpen-testu batekin justifikatu behar dira.

Irudiko kaleari izendapen berria emango diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!