Garai batean, Atxitxueta izenagaz ezagutzen zuten. Gerora, Deabruaren Zubia izena hartu zuen. Baina oraindino erabakitzeko dago aurrerantzean zein izen hartuko duen. Durango eta Iurreta lotzen dituen zubi berriaren izena herritarren eskura utzi dute udal biek. Bada, horretarako parte hartze prozesua zabaldu zuten joan zen ekainean, eta batu dituzte proposamen guztiak; 15, hain zuzen ere. Altzairu moztuz eraikitako 45 metroko zubiaren behin betiko izena irailean aukeratuko dute.
Irailaren 9tik 15era bitartean egingo dute bozketa fasea. Orduan izango dute herritarrek gustukoen duten izenaren aldeko botoa emateko aukera. Ondoren, boto kopuruaren arabera ordenaturiko zerrenda osoa jakinaraziko dute udal arduradunek. Botorik gehien batzen duena izango da zubiaren behin betiko izena.
Mugikortasuna "hobetzeko"
Iurretako bidegorria Durango-Landako bidegorriagaz lotzen duen zubia herri bien arteko mugikortasuna "hobetzeko" helburuagaz eraiki zuten. Joan zen legegintzaldian zubi zaharra kendu behar izan zuten, ibaiaren gorabeherek Arripausuetako etxebizitza batzuetan eragina izan zezakeelako.
BEHIN BETIKO 15 PROPOSAMENAK
- Atxitxuetako zubia.
- Arripausuetako zubi berria.
- Batasunaren zubi berria.
- Bihurri berri.
- Deabruaren zubia.
- Elkartasunaren zubia.
- Errekagane zubia.
- Herri bi arteko zubia.
- Ibaizabal zehar.
- Inpernuzubi.
- Sapuzubi.
- Suhiltzaileen zubia.
- Urkullu Lehendakaria zubia.
- Zubiberri.
- Zubigorri.