Kirola egiteko makina berriak Durangoko Adinekoen Zentroan

Anboto 2024ko uzt. 9a, 09:58

Hamar bizikleta estatiko berri erosi dituzte, gorputzaren goialdea indartzeko trainer funtzional bat. Udalak 14.500 euroko inbertsioa egin du. 

Durangoko Udalak jarduera fisikoa egiteko ekipamendua berritu du Astarloa kaleko Adinekoen Zentroan. Hamar bizikleta estatiko erosi dituzte (euretako bik eserlekua dute), eta baita gorputzaren goialdea lantzeko trainer funtzional bat ere. Udalak adinekoak gonbidatu ditu ekipamendu berria erabiltzera eta zentroan programatzen diren kirol jardueretara parte hartzera. Guztira, 14.500 euroko inbertsioa egin dute.

Horrez gainera, udalak aurreratu du Adinekoen Zentroko altzariak hobetuko dituela laster. Mahaiak eta aulkiak berrituko dituzte, aretoen funtzionaltasuna hobetu eta programatzen diren jarduerak modu egokiagoan lantzeko. Gobernu taldeak zahartze aktiboaren eta bizimodu osasungarriaren aldeko apustua berretsi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!