Zer da 'Durundi'?
Durundi-k arrazoi bi ditu atzetik. Alde batetik, Sustraiak adarretan lanean grabatu barik geratu zen Estoy ya tan cansada abestia grabatzeko gogoa nuen. Bestetik, Elena Olave poeta durangarraren bostsei poemekin sortu nituen abestiak grabatu gura nituen. Horiek formatu desberdin batean idatzi nituen: pianoagaz, tronpetagaz eta txeloagaz. Estoy ya tan cansada grabatzeko aitzakiagaz, behin estudiora sartuta lau kanta grabatzea erabaki nuen. Horrez gainera, azkeneko kontzertuetan Jone ere ibili zen nigaz, eta bide batez hiru alabekin grabatzeko aprobetxatu nuen.
Estilo aldetik, abestiak orain artekoak baino desberdinagoak dira, beste sentsazio batzuk transmititzen dituzte.
Estoy ya tan cansada abestiak badu pop kutsu bat. Lehenengo, testuaren erritmoa ondo harrapatu gura dut abestia egiterakoan, garrantzia horri emateko, testua ondo ulertzeari. Sustraiak adarretan diskoan gauza desberdin gehiago zegoen, baina hemen poema batzuei musika ipintzea lehenesten nuen, kantak egitea. Testua ulergarri egitea garrantzitsua da niretzat. Nik erabakita nuen kanta berrien egitura zelakoa izango zen. Ahotsaren linea melodikoaz gainera, txeloaren eta tronpetaren kontrapuntuagaz jolastu gura nuen eta kanta berrien zuzeneko aurkezpenerako instrumentazio horrentzat egokitu nuen. Melodia eta armonietan egitura tonaleetatik ez urruntzeko ahalegina egin behar izan dut. Uste dut badutela ikutu pertsonala. Bestalde, poemari erritmoa bilatzea eta musika testuarentzat lagungarri izatea bilatzen dut. Testua entzun eta berriro entzuteko gogoa sartzen duten horietakoak gura ditut, nik horiek ditut gustuko. Ikasteko askotan entzun behar diren kanten falta igartzen dut. Esango nuke azkenaldian garrantzia edo pisua galdu dutela hitzek, ez dute sakontasunik.
Elena Olaveren eta Luigi Anselmiren poemei ipini diezu musika.
Lehenengoz argitaratu ditut Elenaren testuekin egindako kantak. Lehendik ere eginak nituen kantak bere berbekin. Zergaitik Elenaren poemak? Irakurri eta
txundituta geratu nintzelako. Irakurri eta heldutasun ikaragarriz idazten duela iruditzen zait, eta asko gustatzen zait. Poemek musikaltasuna ere badute. Nik
poema irakurri eta testua gustatzeaz gainera, musikaltasuna ere bilatzen diot, eta hori duenean gehiago motibatzen nau horri musika ipintzeko. Eta kasu honetan den-dena zeukan. Gerora pentsatuta, belaunaldi bi ere batzen ditu: Luigirena eta Elenarena. Arrazoi estetiko bat dago aukeraketan.
Alabekin egiteak ilusio berezia egin dizu?
Behin kantak idatzita, horiek zuzenean aurkeztu gura nituen. Eta linea melodiko bi ere gehitu gura nizkien, tronpetan eta ahotsean, eta gero zuzenean aurkeztea proposatu nien. Bilboko Bira aretoan egin genuen hori, ni pianoan, Matxalen txeloan, Jone tronpetan eta Izaro abesten. Bilboko Abokatuen Elkargoan beste emanaldi bat egin genuen; zuzenekoak formatu horretan egitea pentsatuta geneukan. Grabatzerakoan, ostera, banda osoagaz egin genuen. Zuzenekoetarako aukera biak egongo lirateke; izan ere, oinarrizko formatutik abiatuta beste instrumentuak ere gehitu daitezke eta.
Grabatzerakoan, zergaitik aukeratu dituzu Ander, Dani eta Rakel?
Sustraietatik adarretara proiektuan Dani Artetxe egon zen, baita zuzenekoetan ere. Ander Garcia ere beti egon da nire proiektuetan. Baterian, ostera, Iñaki Jaio
ez zegoen eta Rakel Arbeloa irundarrak grabatu du bere partez; hemen egon zen lanean, ordezkapen bat egiten, eta bateria-jotzailea izateaz gainera musikaria ere bada, eta hori igartzen da. Musikari itzelak dira hirurak. Zeozeren falta izatekotan, denboraren falta izan dut. Dena asteburu bakarrean grabatu dugu. Lau kanten oinarri guztia Tio Pete estudioan, Unai Mimenzagaz (Urduliz, Bizkaia) zapatu batean, eta entsegurik egin barik. Ahotsak eta konponketak hurrengo egunean grabatu zituzten. Nahasketak Josue Pascualek egin ditu.
Baduzue beste emanaldirik esku artean?
Emanaldi bi egin ditugu. Hirugarrena, Arabako Errioxako Musika Mahasti Artean jaialdian egingo dugu, uztailean.