"Oraindino hausnarketa prozesu batean nago unibertsitatean zein gradu ikasi erabakitzeko"

Jone Guenetxea 2024ko eka. 23a, 10:00

Kimetz Lopez de Etxezarreta durangarrak komunikazio zein ekonomia arloko graduren bat aukeratzeko asmoa du. Nota ez da oztopo izango, USEn 13,7 atera du eta, EAEko onena.

Poz-pozik dago lorturiko emaitzagaz eta ez da gutxiagorako. Notak behintzat ez du baldintzatuko unibertsitatean aukeratzen duen gradua. Ibilbide akademikoan aro berri baten aurrean dago, baina oraingoz udaz gozatzea du buruan.

Izan duzu aukerarik hain emaitza ona ospatzeko?

Gurasoekin afaltzera joan nintzen, baina ez dut astirik izan gehiago ospatzeko.

Itxaroten zenuen hain emaitza ona lortzea?

Ez. Azterketa batzuetatik sentsazio nahasiagaz irten nintzen, ez zutelako galdetu gehien ikasi nuena edo ariketa batean deskolokatu egin nintzelako.

Zein izan zen azterketarik gatxena?

Ekonomiari buruzko ariketa batzuek harritu egin ninduten, baina ondo egin nituen. Folosofian, esate baterako, Platon eta Kant jorratu behar izan genituen. Platonen gaia banekien gutxi gorabehera, baina ez zen gehien ikasi nuena. Kant-en gaia alde batera utzi eta ez nuen ikasi. Baina azkenean ondo irten zitzaidan. Platoni buruz pentsatzen nuen baino gehiago nekien, itxura batean.

Zeintzuk ikasgai izan dituzu gustukoen?

Gaztelania eta literatura. Ekonomia eta Enpresa Administrazioa ere bai.

Zure ibilbide akademikoaren zati bat atzean utzi eta unibertsitatera begira zaude. Zeintzuk aukera dituzu esku artean?

Hausnarketa prozesu batean nago oraindino eta ez dakit ziur zein gradu aukeratu. Buruan dudana ea benetan gura dudan ikusi behar dut, ala kanpokoen eraginagaitik dudan buruan. 

Baina zerrenda horretan izango dituzu aukera batzuk.

Komunikazioaren arloan, publizitatea, kazetaritza edo marketina izan daitezke. Ekonomia arloan, ADE ere izan daiteke.

Baduzu penarik institutuko ikasketak amaitu direlako?

Institutuko urteetan oso pozik egon naiz. Neversen ikasi nuen eta han gutxi ginen, 40 bat lagun. Institutura etorri ginenean, gure mailan 200 bat lagun ginen eta mundu berri bat ezagutzeko aukera izan dugu.

Uda hau berezia izango da?

Mundu guztiak esaten dit nire udarik onena izango dela. Mentalitate horregaz nabil planak egiten. Oraingoz musika jaialdi batera noa, Arenal Sound-era, Castellora (Valentzia).

Biolina jotzen duzu. Hori ere ez da musika tresnarik errazena. 

Bartolome Ertzilla Musika Eskolan kontserbatorioko ibilbidea amaitu berri dut, Eunate Zarrabeitia irakasleagaz.

Saskibaloiko entrenatzailea ere bazara. Zer esan dizute taldeko umeek?

Entrenamenduak amaitu dira dagoeneko eta ez naiz egon eurekin. LH3. mailako umeak dira. Baina gurasoek idatzi didate, zoriontzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!