Durangoko Tabira auzoko jaien barruan badira hainbat ekimen urteroko hitzordu bihurtu direnak, eta mendi martxa eta lasterketa dira euretariko bi. Biak domeka honetan egingo dituzte.
Martxa bi daude aukeran: 20 kilometroko luzea, 1.060 metroko desnibel positibokoa, eta 12 kilometroko laburra, 545 metroko desnibel positibokoa. Biak 08:00etan hasiko dira, Tabirako eliza ondotik. Mendi lasterketari 09:30ean ekingo diote. Martxa luzeak eta lasterketak ibilbide bera dute: Neberako itzulia. Korrikalariak Neberondo, Katazka, Landaederra eta San Andres inguruetatik ibiliko dira. Katazka da martxako nahiz lasterketako punturik garaiena, 653 metrogaz. Bideko zenbait lekutan anoa guneak egongo dira, jan-edanagaz. Izena eman duten denek kamiseta bana jasoko dute opari.