Osasun Sailak udako ordutegia ezarriko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan. Hori dela eta, Durango Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataforma kexu da, udalerriko zerbitzuetan "murrizketak" egongo direlako. Lehen Mailako arreta ordutegia 17:00etan etengo dela azaldu dute, ohiko zerbitzua hiru orduan "murriztuta". Errealitate hori eskualdeko beste hainbat herritan errepikatuko dela aurreikusita, DOPAk uste du herritarrek Landakoko osasun zentrora jo behar izango dutela nork bere herrian ez duten zerbitzua jaso ahal izateko. Egoera horrek "nabarmen okertuko ditu herri horietako osasun zerbitzuak, eta are gehiago beteko du Durangokoa", diote.
DOPAren iritziz, Osakidetza opor sasoiko murrizketak "normalizatzen" dabil. "Murrizketa horiek azken urteetan udako eta gabonetako aldietan egin izan dira. Sindikatuen arabera, ordutegiak murrizteaz gain, Osakidetzak ez du bermatzen irekita dauden osasun-zentroek talde osoarekin egingo dutenik", diote. Era berean, "1.000 txanda inguru bete barik" egongo direla aurreikusi dute.
Azkenik, plataformak azaldu du EAJk hirugarren mediku baten plaza betetzeko "konpromisoa hartu" zuela Durangoko Etengabeko Arreta Guneari begira. Hori dela eta, EAJri eta PSE-EEri eskatu diete "Durangon eta Durangaldean osasun zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoak betetzeko".