Zazpigarren Sormen bekarako deialdia aurkeztu dute asteon. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak elkarregaz antolatzen duten egitasmo honek euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea du helburu gisa. Zazpigarren edizio honetan, Durangoko Arte eta Historia museoak izan behar du proposamenen ardatza. "Azken urteetan Durangoko Azokak Durangoko museoan ere ekitaldiak antolatu ditu. Deialdi honetako sormen bekarako proposamenak museoan edota museo inguruan egiteko esku hartzeak izan beharko dira, horretarako edozein diziplina aintzat hartuta: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, edota performatiboa", azaldu du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak. Gaia, ostera, "euskara jendea" izango da. Paule Sanchez euskara zinegotziak dei egin die gazte sortzaileei, "zerbait esatea gura dutenek, hau da beraien aukera", azpimarratu du.
Denetariko diziplinak
Aurreko sei edizioetan denetariko lanek irabazi dute Sormen beka. Hain zuzen ere, Mujikak aniztasun hori azpimarratu du. "Literatura, musika, edota proiektu digitalak ikusi ditugu aurreko proposamen interesgarrietan", azaldu du. Lehenengo Sormen beka ATOPIArpg euskarazko rol jokoak irabazi zuen, eta horren ostean, Iratxe Aguileraren Kai Nakai prposamena, Bañolet telesaila, Ibai Aizpururen Barraka bideojokoa eta Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana.