Durangoko EH Bilduk dioenez, gobernu taldeak "342 etxebizitza" eraiki gura ditu Eguzkitzagoienan

Anboto 2024ko eka. 3a, 10:29

"Pelotazo urbanistikoa bertan behera uztea" eskatu diote gobernu taldeari. "Durangok berdegune gehiago behar ditu biztanleen osasunerako", gaineratu dute. 

Durangoko EH Bilduk hedabideetara bidalitako oharrean adierazi duenez, gobernu taldeak hirigintza proiektu bat garatu gura du Eguzkitzagoienean. Mendi eremu horretan "342 etxebizitza" eraikitzeko proiektua litzateke. Koalizio subiranistak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testuinguruan kokatu du proiektua, izan ere, "20 urte baino gehiago igaro dira azken HAPOtik". "Aurreko legegintzaldian plan berriarekin hasteko beharrezko izapideak egin ziren, eta hasierako onespenaren zain geratu zen. Orain, EAJ-PSEren gobernuak gelditu egin ditu izapide horiek, eta badirudi ez duela hasierako onespenerarekin jarraitu nahi, horrela Eguzkitzagoieneko hirigintza proiektu eztabaidatuaren garapena erraztuz", azaldu dute. "Izan ere, HAPOaren hasierako onarpenak Eguzkitzagoieneko proiektua berriz aztertzea ekarriko luke", gaineratu du EH Bilduk.

"Berdegune gutxiago"

Koalizio subiranista kexu da gobernu taldeak "mugarik ez duen desarrollismo ereduari" jarraitzen diola iritzita. "Durangok berdegune gehiago behar ditu biztanleen osasunerako. 30.127 pertsonako populazioarekin eta 130,495 metro karratuko berdeguneekin bakarrik, gomendaturiko estandarretatik urrun gaude", diote. Eguzkitzagoieneko proiektuak "are gehiago murrizten ditu jada gutxi diren udalerriko espazio libreak eta berdeguneak (4,3 metro karratu pertsonako, Eusko Jaurlaritzak 5 metro karratu pertsonako eta Munduko Osasun Erakundeak 9 metro karratu pertsonako) ezarritako estandarren azpitik baitaude.

Hori guztia dela eta, Eguzkitzagoieneko proiektua "bertan behera uzteko" eta "garapen hori birpentsatzeko" eskatu du EH Bilduk, HAPOaren hasierako onarpena "berehala" egin dadin eskatuta. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!