Zelan ekin diozu azken txanpa honi, eta, atzera begiratuta, zelan joan da urte eta erdi hau?
Alde batetik, norberaren barne balorazioa dago, eta hori oso ona da. Aspaldi ez dut horrelako proiektu bat martxan ipini, eta egin gura nuenagaz gustura geratu nintzen lana estreinatu genuenerako. Bidean egindako lanagaitik da hori. Hemen Rafa Rueda aipatu behar dut batez ere. Proiektu pertsonala izan arren, Rafa Ruedak asko eman diolako, eta ez musikalki bakarrik. Azpeitiko Kulturazeko jendeak asko lagundu digu, batez ere bideogintzan, zuzenekoetan zein sareetan; Oier Zuñigak ere asko lagundu digu, zuzeneko ordu eta laurdeneko bidaia hori diseinatzen; Jose Lastra soinu teknikariak ere lagundu digu, Gaizka Izagirrek argi eta proiekzioetan, eta Alvaro Olaetxek musikari lanetan. Sortze fasean, beraz, oso balorazio positiboa egiten dut, eta hortik aurrerakoan ere bai. Nahiz eta momentu batean ere ez genion uko egin arrakasta deitzen zaion horri (barrez), hasieratik bagenekien gure proiektuak ezaugarri konkretu batzuk zituela: eduki aldetik arreta eskatzen dizu, dentsitate bat du, bertso jarriak direlako, klasikoak, kontzesiorik bakoak; puntu artya ere badu, proiekzioekin, eszenifikazio erdi antzeztua, antzoki batera sartzeko sarrera bat ordaindu behar da, salgarritasun aldetik ez da errazena... Lankuren bitartez emanaldi asko egin ditugu, talde formatuan antzoki nahiko handietan, eta dozena bat emanaldi ere egin ditugu bikote formatuan. Arabara eta Iparraldeko gune batzuetara heldu gara, eta hori ere bazen nire helburuetariko bat. Kolofoi modura, AEBetara ere ailegatu gara.
Azkena eta berezia izango da Bilboko emanaldia.
Amaierako hiru emanaldietan, zutunik eta zeozer hartzeko aukera izatea gura genuen. Orain arte leku formaletan izan dira emanaldiak, eta beste giro bat sortu gura genuen honetarako. Bide eder bat egin eta gero, ospakizun edo jai puntu bat edukitzea gura genuen. Bestalde, Gasteizen eta Baionan egon gura genuen; Gasteizen kasuan, urte eta erdian egon garelako kafe antzokiaren esperoan. Baionara ere talde osoagaz joan gura nuen. Bilbokoa jai nagusia izango da, eta kafe antzokiaren moduko leku on, eder, bero, eta gurean egiteaz gainera, ibilbide honetan gehiago edo gutxiago parte hartu duen jendea gonbidatu gura genuen. Iosu Zabala eta Amorante egongo dira, Unai Iturriaga eta Erika Lagoma ere bai, eta baita Oier Zuñiga, Jose Luis Otamendi poeta, Ines Osinaga eta Aiora Renteria ere. Miren Amuriza ezingo da etorri, oporretan dago eta.
Publiko aldetik, bertsozaleak ala musikazalek joan dira gehiago zuen emanaldietara?
Hori publikoari galdetu beharko zaio. Bertsoaren mundutik bideratu dugu gehiago proiektua, Lankugaz lan egin dugun heinean. Berba oso protagonista izan da eta beste guztia lantzeko modu bat baldintzatzen du. Berbaren zerbitzura eraiki dira alde musikala eta irudiarena, eta, beraz, esango nuke berbaren zalea izan dela gehien etorri dena eta aseen irten dena. Musikazaleenek gurago izango zuten une batzuetan ni isiltzea eta Rafak eta Alvarok hartzea protagonismoa (barrez), baina sinbiosia ona izan dela esango nuke, eta bertsozale eta musikazaleek esan digute oso gustura egon direla. Spoken wordean berba bera ez da bertsoan lez tratatzen, eta hor dagoen lanketa ere baloratzen da. Alde hori ikusi eta eskertu duen publikoa izan dugu. Egin gura genuen horren aprezioa ailegatu zaigu. Aurreko batean Rafak ere esaten zuen gauzak gaur egun ez direla hain konpartimentatuak. Mugak lausotu egiten dira estilo edo diziplina artean, eta hori ere igartzen da; gehiengo bat hor kokatzen da, buruz irekia dena, eta jende hori harrapatu dugu, gehienbat.
Eta sortzaile modura, zama bat izan da jendeak bertsoagaz lotzea, ala aske sentitu zara?
Nire asmoa proiektua bertsoetatik sortzea izan da, baina gura nuena eginda. Ez zerbait berria edo apurtzailea egiteagaitik, hori irten zaidalako baino. Bai bertso ibilbideagaitik, bai aurretik edukitako bertso musikatu esperientziagaitik, antzerkiko lanengaitik edo beste askogaitik. Gustatzen zaizkidan musika talde, antzerki, pelikula, idazlengaitik... Bertsoan ere badut nire egiteko modu bat, jolasteko beste modu bat. Justo hau idazten hasi nintzenean, bat-bateko bertso plazetatik aldenduta nengoen. Badago bilaketa lan bat, bertsotik mugitu barik ere, bertsotan egiteko modu propio baten bilaketa bat dago, garapen bat. Xabier Amurizak esan zidan bertsogintza mugaraino eraman dudala, baina espero dut oraindino harago ere egotea lekuren bat. Eta ahoz zelan egin ere banuen ideia bat, sonoridade aldetik ere, Rafarengana joan nintzenean ere erakutsi nion zer entzuten nenbilen... Garai batean bertso paperak zeuden, gero bertso kaseteak edo CDak, eta orain Youtube dago musika entzun eta ikusteko. Hori buruan nuen, eta, beraz, horregaitik landu dut horrela. Plazaratu aurretik ere asebeteta geratu naiz nahi edo anbizio artistikoekin.