Jone Erzilla durangarraren 'Givers, takers and lovers' erakusketa Bartzelonako Can Felipen egongo da uztailera bitartean

Aritz Maldonado 2024ko eka. 2a, 10:00

Jone Erzilla, erakusketako pieza batzuen atzean. (Argazkia: Marc Llibre)

Jone Erzilla Etxegibel (Durango, 1999) artista durangarraren lanak batzen dituen Givers, takers and lovers erakusketa Bartzelonako Can Felipen dago ikusgai; gura duenak uztailaren 25era arte bisitatu dezake.

Azken hileetan landu eta ikertu dituenak batu eta erakusten ditu Erzillak bilduma honetan: argiak obran zelan funtzionatzen duen, nondik datorren, eta zer ekarpen egiten duen. Argia testuagaz, irudiagaz, poesiagaz janzten du, eta hainbat gai jorratzen du horrela; adibidez, gorputza, intimitatea, jokoa eta espekulazioa. "Argiagaz lan egiten dugunok atentzio konkretu bategaz begiratzen diegu gauzei, eta ikusten dugun hori beste modu batera agerrarazten ahalegintzen gara, besteengana ere heltzeko. Argitasun sentsazio hori argi geratzea gura izan dut, nabarmentzea, ebidentea den zerbait ebidenteago egitea", azaldu du Erzillak berak. Pozik dago erakusketak orain artean izan duen harreragaz. "Gizarte etxe batean dago erakusketa, beste hainbat elementugaz batera. Lehenengo feedbacka erabiltzaileen artetik jaso dut eta oso pozik nago; eroso sentitzen direla esan didate, eta lanen eta erabiltzaileen arteko konbibentzia hori posible izatea garrantzitsua da. Erakusketa-espazioek hori ahalbidetu beharko lukete, espazio horien parte izatea eta sentsibilitateak konpartitu ahal izatea", gehitu du artistak. 

Erakusketagaz batera, gaiari loturiko tailerrak ere egingo dituzte. Hurrengoa ekainaren 6an izango da, 19:00etan. Begiradagaz jolastea litzateke hauetako helburuetariko bat. "Erakusketa batera beste edozein lekutara sartzen zaren moduan sartzen zarenean, arteagaz bestelako hartu-eman bat sortzen da; hau da, zureagoa da arteagazko hartu-eman hori. Espazio horietara modu zehatz batera hurbiltzen erakutsi digute eta horrek kalte egiten du, zerbait konkretuaren bila goazelako horrelakoetan", azaldu du. 

Udazkenerako prestatzen 
Artista durangarrak lanerako gogoz jarraitzen du, eta udazkenerako beste erakusketa bi lotuta dituela aurreratu du; horietako bat, Alacanten (Valentzia). "Erakusketak egin arren, lanean jarraitzen dut, izan ere, horrretarako sortzen diren lanetan jarraitzeko baliagarriak direla uste dut", azaldu du Erzillak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!