"Sortzeko dugun beldurrari aurre egiten laguntzen du zeramikak"

Aitziber Basauri 2024ko eka. 1a, 13:00

Carmen Perezek bizi osoa darama zeramikari lotuta. Irakasten batez ere, baina baita sortzen ere. 40 urte dira Debako Arte Eskolan zeramikagaz lehen hartu-emana izan zuela. Itxaroten zebilena heldu zela sentitu zuen. Elena Fernandez orain 20 urte hasi zen Durangoko zeramika tailerrean. Sormenagaz duen lotura ez ezik, buztina landuz sorturiko kontaktu fisikoa eta emozionala sutsuki gustatu zitzaizkion.

Zer du berezi buztinak beste material batzuekin alderatuta?

C.P.: Zeramika oso aspaldikoa da, transformazio itzuliezina duen material bakarrenetarikoa. Oso material erraza da, eskuagaz bakarrik moldatu daitekeena, eta ez du ezinbestean tresnarik behar harriak, egurrak, pinturak eta abarrek lez. Gainera, infinitua da; ezaugarri askotariko buztinak daude, askotariko kolore eta esmalteak... Esmalte konbinazioak, landu daitezkeen formak, teknikak... infinituak dira. Horietan guztietan bizitza osoan zehar sakondu daiteke.

E.F.: Buztina ukitu eta sentsazio horregaz bat egitea berezia da. Elkarrizketa bat sortzen da. Eta  erraza da, edonork landu dezake zeramika. Adierazpen iturri oso handia da barrua erakusteko, medio primitiboa, instintiboa, dena ematen dizuna.

Zer ekarpen egin dizue zeramikak?

E.F.: Ezinbestekoa eta ezaguna zaidan baliabide bategaz adierazteko aukera ematen dit. Beste material batzuekien ez dut sentitu horrelako kontakturik. Barrutik beteen utzi nauena da.

C.P.: Hala da. Animatu edo bultzatuko banindute lez sentitzen dut, eta zerbait egin behar dut burmuina gelditzeko. Zerbaitegaz lanean nabilen unean bertan, bestelako aukera batzuk izaten ditut buruan. Ate berriak zabaltzen zaizkit eta kreatibitatea ziztu bizian irteten da.

Pazientzia eta denbora beharrezkoak dira zeramikan?

C.P.: Ez. Pazientzia izaten, kontzentratzen, erlaxatzen... laguntzen duela esango nuke. Baita sortzeko dugun beldurrari aurre egiten ere. 

E.F.: Bai, sortzen eta interesa duzun horretan arreta jartzen laguntzen du. Sortu duzunak zerbaiterako balio dezakeela ikustea ere garrantzitsua da, batez ere hasieran. 

Zaletasun handia dago?

C.P.: Bai, baina orain dela gutxiko kontua dela esango nuke. Ez dakit lokala izan den, pandemia izan den... Zeramika ezezaguna zen.

E.F.: Ezjakintasuna egon da, bai. Gainera, profila aldatu egin da, lehen ia ez zen gazterik etortzen eta. Sare sozialen bitartez, elkartea ezagutzen hasi dira. Ez dakigu moda kontu bat den ala denboran jarraituko duen.

C.P.: Sare sozialek zeramikaren aukerak erakusten lagundu dute. Hiru belaunaldiko ikasleak ditugu.

Bizi daiteke zeramikatik?

C.P.: Gatx izan da beti salmentatik bakarrik bizitzea. Orain apur bat suspertu dela esango nuke, bere balioa handitu dela, batez ere ostalaritzan. Baita eskulturan ere. Gaur egun artista zeramikari garrantzitsuak daude.

E.F.: Europan beste begirada bat dago zeramikari dagokionez; gehiago baloratzen da. Gu ere apurka ikasten gabiltza. Baduzue pieza berezirik?

E.F.: Pieza bakoitzak zerbaiti erantzuten dio, bere zentzua du. Ezin dut bat aukeratu.

C.P.: Nire lehenengo eskultura abstraktua: bat datozen pieza bi. Oraindino ere etxean daukat. Henry Moore-ren lanak asko gustatzen zaizkit eta gerora ere asko jolastu dut dualtasun horregaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!